Basque Culinary Centerrek berean jarraitzen du
Basque Culinary Centerreko (BCC) arduradunek Manteon eraiki nahi duten Gastronomy Open Ecosystem egitasmoaren inguruan azalpenak eman zituzten joan den astean, proiektua hirian eta, bereziki, Gros auzoan eragiten ari den ezinegonak bultzatuta.
Egoitza berriaren inguruko xehetasunak argitu nahi izan zituen Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak, bere hitzetan, «informazio faltak sortzen baititu kezkak». Besteak beste, Donostia ikerketa eta berrikuntza gastronomikoen «munduko hiriburu» izatea nahi dute, eta azpiegituraren berdegune publikoa mantentzen «saiatuko» direla defendatu du.
Azken horri lotuta, asteon hedabide honekin harremanetan jarri da Leire Paz Leiza biologoa eta ingurumen teknikaria, eta Aizegaren hitzak kritikatu ditu. Izan ere, Aizegak zuhaitzen %80 birlandatuko zirela aipatu zuen, baina ez zituen kontuan hartu gune horretan dauden milazkak —BCCk zuhaixkatzat hartzen ditu, baina Leizak dio ez dagoela irizpide tekinko adosturik zuhaitzak eta zuhaixkak bereizteko, eta Manteoko milazkak bertan dauden zuhaitzak bezain handiak eta enbor lodikoak direla—. Arbolatzat hartuz gero, horien %80 birlandatu ez, baizik eta %86 moztuko liratekeela nabarmendu du Pazek (88tik 76, proiektuak hamabi zuhaitz soilik mantentzeko konpromisoa jasotzen baitu).
BCC hainbat eragilerekin jarri da harremanetan azken asteetan, proiektuari buruz hitz egiteko. Horietako bi dira Uliako Auzo Elkartea eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea. Bi elkarteak kritiko agertu dira, proposamena «berandu» iritsi baita, «egoitza berriaren eraikitzeak dagoeneko behin-behineko onarpena eta lursail publikoaren lagapena onartuta» daudenean. Haritzaldek «zuriketa berdea» egiten saiatzea egotzi dio BCCri, eta argi utzi du ez duela «zuritze horretan parte hartu nahi».
Manifestazioa gaur Okendo Kultur Etxetik
Bestalde, Uliako Auzo Elkarteak protestekin jarraitzeko asmoa du, proiektuak gizarte babesik ez duela iritzita. Parkeak bai, Culinary ez lelopean, elkarteak Okendo Kultur Etxetik udaletxera manifestazioa antolatu du gaur, 19:00etan.
Joan den astean, eztabaida antolatu zuten kultur etxean bertan, eta aretoa bete egin zen —160 pertsonarentzako lekua du aretoak, eta hemezortzik kanpotik jarraitu behar izan zuten eztabaida—. BCC, EAJ eta PSE-EEko ordezkariak gonbidatuta zeuden, baina ez ziren agertu; bai, ordea, EH Bildu, PP eta Elkarrekin Donostiakoak.