Kiroldegietako sarrera doan izango da hurrengo astean
Irailaren 25etik 29ra ez da sarrerarik ordaindu behar izango udalak kudeatzen dituen kiroldegietara sartzeko. Hala, ekimen horrekin Europako Kirol Astearekin bat egin nahi du udalak.
Honako kiroldegietan sartu ahal izango da: Paco Yoldi, Gaska, Belodromoa, Egia, Altza, Intxaurrondo, Bentaberri, Etxadi eta Bidebietako kiroldegiak. Horietan guztietan gimnasioak eta igerilekuak erabili ahal izango dira sarrera ordaintzeko beharrik gabe; nahikoa izango da kiroldegira bertaratzea eta harreran dagoen langileari sarrera eskatzea.
Gainera, larunbatean, hilak 30, doako hainbat jarduera egongo dira kiroldegietan. Horietarako, ordea, Kirol Txartela edukitzea beharrezkoa izango da, eta horietan parte hartzeko internetez edo kiroldegietan bertan eman ahalko da izena, asteazkenetik aurrera.