Kontrol mozioa iragarri du EH Bilduk, Dbus zerbitzuko murrizketak direla eta
EH Bilduk, kontrol mozioa iragarri du, udaleko Mugikortasun Saila Dbus autobus zerbitzuaren hainbat ibilbidetan ordutegi eta geltoki aldaketak, eta murrizketak egitea aztertzen ari dela eta. Koalizio abertzalearen iritziz aurka agertu diren “langileen hitza kontutan hartzea ezinbestekoa da”. Era berean, salatu dutenez, “zerbitzuak eta, honenbestez, erabiltzaileak ezin dute kaltetuak izan”. Aldarri horiekin, bat egin dute beste behin Dbuseko langileen enpresa batzordearekin, Donostiako Udaletxearen aurrean egin duen protestan.
Murrizketak Dbus garraio zerbitzuko autobus gidarien eskaerei erantzuteko datozela adierazi du Mugikortasun Sailak. Izan ere, gidariek hainbatetan salatu dute ezin dituztela ezarritako ordutegiak behar bezala bete eta hainbat lineatan arazoak dituztela puntualtasuna lortzeko. Gauzak horrela, 5 linea (Bentaberri) Matia kaletik ez pasatzea, eta 13 (Altza), 17 (Gros-Amara), 26 (Amara-Martutene) lineen maiztasuna gutxitzea aztertzen ari da udala, besteak beste.
Enpresa batzordeko sindikatuek (Kurpil, LAB, ELA eta UGT), beren aldetik, argi utzi dute ez dutela murrizketak sustatzeko asmoarekin plazaratu langileen egoera. Gaineratu dute, maiztasunaren aldekoak direla, eta egoera horri aurre egiteko, mugikortasun sailera zuzendutako “inbertsioak handitzea”dela “irtenbide bakarra”.