Kontzentrazioa Bulebarrean, Europar Batasuneko goi-bileraren aurka
"Herri langileon Europa eraiki!" lelopean, Piztu Donostia, Askapena, Herri Ekimena eta Jardun koordinadorak protesta egin dute Coreper II "ongi etorria ez dela aldarrikatzeko".
Atzo hasi eta irailaren 23ra arte, Coreper II-k (Estatu kideetako Gobernuen Ordezkari Iraunkorren Komitea) goi-bilera egingo du Donostian. Europa Batasuneko 27 enbaxadorek eta estatu bakoitzeko ordezkari banak hartzen du parte batzarrean, besteak beste, Europako Kontseiluak datozen hilabeteetan izango duen agenda zehazteko. Bileraren atarian, baina, kontzentrazioa egin dute Piztu Donostia, Askapena, Herri Ekimena eta Jardun koordinadorak, ongi etorriak ez direla argi uzteko: “burgesiaren interesei erantzuten dien instituzioa da eta bertan darama izaera faxista, behar duenean zorrozten duena langileon aurka”.
Kritikatu dute dute, halaber, halako bileretan “Europako segurtasuna eta defentsarako gaiak” jorratzen direla eta ezinbestean egin behar zaiola aurre kapitalismoak bultzatutako militarizazioari: “Kapitalismoaren kaosak Hirugarren Mundu Gerraren atarian jarri nahi gaituen honetan, herrien arteko bakea aldarrikatzera gatoz”. Zabaldutako oharrean adierazi dutenez, Europar Batasuneko erabakiak ere argi ikus daiteke gure gurean ere eta salatu dute erasoak jasotzen jarraitzen dugula, “Euskal Herriren existentziak euren proiektua zalantzan jartzen duelako”. Era berean, Donostiaren turistifikazioaren erantzule direla iritzi dute: “Gure hiria salerosketarako produktu bihurtu badute, europar klase kapitalistaren mesederako izan da”.