Manifestazio jendetsua, Manteoko berdegunea salbatzeko
'Parkeak bai, Culinary ez' lelopean, Okendo Kultur Etxetik udaletxerako protesta egin dute.
Basque Culinary Center (BCC) gastronomia fundazioaren proiektuak aurrera darrai, eta azken egunotan teknikariek egindako azalpenek hautsak harrotu dituzte Gros eta Uliako zonaldean. Horiek horrela, hainbat elkarte eta ehunka bizilagun batu dira Uliako Auzo elkarteak antolatutako manifestaziora, BCCk Manteon eraiki nahi duen egoitzaren “zentzugabekeria” salatzeko. Udalaren aurkako aldarri eta oihuak entzun dira behin eta berriro Grosetik eta Erdialdetik barrena egindako ibilbidean, eta Eneko Eneko Goia alkateari enpresen morroi gisa jokatu izana leporatu diote bizilagunek.
Okendo Kultur Etxetik abiatu dute manifestazioa arratsaldeko 19.00etan, BCCk bigarren egoitza egin nahi duen lekutik gertu. Kultur etxean izan da, hain zuzen, Uliako Auzo Elkartearen protesta gune nagusia eta pasa den astean, esaterako, proiektuari buruzko eztabaida antolatu zuen eraikineko aretoan. Egun horretan izandako babesagatik —160 pertsonentzako edukiera duen aretoa bete egin zen eta hemezortzik kanpotik jarraitu behar izan zuten eztabaida—, eta azken mobilizazioetan parte hartu duen jende kopurua kontuan hartuta, argi du auzo elkarteak udalaren proiektuak ez duela inolako “gizarte babesik”. Adierazi dute, halaber, kalean zenbat eta informazio gehiago egon, “orduan eta handiagoa” dela haserrea.
Hona hemen argazkiak:
Udaletxera iritsita, Mikel Laboaren Txoriak txori abestia egokitu dute, Manteo “maite” dutela kantuz aldarrikatzeko.