Onddo haluzinogenoak, Mikologia jardunaldien ardatz
Urteroko legez, Mikologia Jardunaldiak antolatu ditu Loiolatarra elkarteak, perretxikoen inguruko ezagutza sustatzeko asmoz. XXIV. aldia izango da aurtengoa, eta urriaren 1era arte luzatuko da. Leku guztiak beteta daudela jakinarazi du elkarteak.
Arrakastatsuak izan ohi dira Loiolatarra elkarteak urtero antolatzen dituen Mikologia Jardunaldiak, eta aurtengoak ere horrelakoak izaten ari dira, izen ematearen lehen egunean toki guztiak bete baitziren. Mikologia ikastaroak astelehenean hasi zituzten hogei parte hartzaileek, eta hilaren 27ra arte, perretxikoen inguruan asko ikasteko aukera izango dute, Daniel Palacios irakasle eta adituaren eskutik.
Egunotan, perretxiko mota desberdinak sailkatzen eta perretxikoen familiak eta bizilekuak ikasten ari dira, Disfrutando con las setas liburua oinarri hartuta. Aurreko astean aurkeztu zituzten jardunaldiak elkartean bertan, eta han izan ziren Jokin Bengoetxea, Patxi Lago eta Estitxu Artano Loiolatarra elkarteko kideak; Iker Tolosa Loiola Kultur Etxeko teknikaria, Mikel Fresnadillo jardunaldien babesle den Laboral Kutxako ordezkaria eta Daniel Palacios bera.
“Jardunaldiak hilaren 27an bukatuko dira, baina lehenago, ikasleek irteera didaktiko bat egingo dute mendira, hilaren 23an”, nabarmendu zuen Lagok. Normalean, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko muga ingurura joaten direla azaldu zuen, Leitzara edo Altsasura, “baso onak” baitaude bertan. “Han, taldeka banatzen gara eta perretxikoak nola hartu behar diren erakusten diegu, natura errespetatuz beti”, nabarmendu zuen Lagok. Gero, jasotako perretxikoak mahai batera eramaten dituzte, eta nola sailkatzen diren irakasten diete ikasleei.
Loiolatarra elkarteko kideen arabera, jendeak uste du perretxikoak moztu egin behar direla, baina Palacios adituak argi eta garbi dio ezetz: “Ez dira moztu behar, sustraitik atera behar dira. Bestela, zauri bat egiten diozu perretxikoei, onddo patogenoak sartzen zaizkie eta hondatu egiten dira. Sagarrekin edo udareekin bezala da. Zuk sagar bat osorik hartzen duzu sagarrondo batetik; erditik mozten baduzu, usteldu egiten delako. Berdina gertatzen da perretxikoekin, baina zuhaitzetik izan ordez, lurretik atera behar dira”.
Perretxiko psikotropikoak
Jardunaldiak hilaren 27an amaituko badira ere, egitaraua egun gehiagoz luzatuko da. Aurtengo jardunaldien ardatza perretxiko psikotropikoak dira, eta horren inguruko hitzaldia eskainiko du Palaciosek hilaren 28an, Loiolatarra elkartean, 19:00etan. Perretxiko psikotropikoen historia kultura guztietan izenburupean, bitxikeria ugari kontatuko ditu Palaciosek. “Ez dut soilik perretxikoen inguruan hitz egingo, landare psikotropikoen inguruan ere hitz egingo dut, dena batera doalako. Mito asko desmuntatuko ditut, adibidez, medikuntza arloan sekulako akatsak egon direla, eliza katolikoaren hipokrisia gai honen inguruan…”, azaldu zuen irakasleak.
Egitarauari jarraipena emateko, hilaren 30ean beste mendi irteera bat egingo dute taldeka, eta ondoren, bildutako perretxikoak Loiolatarra elkartean sailkatuko dituzte. Eta, urriaren 1ean, egitaraua ixteko, perretxiko jaia egingo dute Latsarien plazan, 10:30etik 14:30era. “Erakusketak egingo ditugu larunbatean jasotako eta sailkatutako perretxikoekin. Horrez gain, auzoko eta ikastetxeetako haurrek egindako marrazkiak ere ikusgai egongo dira, eta mahai didaktiko bat ere egingo dugu. Gainera, produktu mikologikoak, gastronomikoak eta artisauak egongo dira”, adierazi zuen Lagok. Horrez gain, eguna girotzeko, auzoko tabernek perretxiko pintxoak eskainiko dituzte, Loiolatarra elkartearekin elkarlanean.
Erakusketa, urriak 11 arte
Egitarauko jarduerak urriaren 1ean amaituko badira ere, Mikologia Jardunaldiekin lotutako Despertar de la conciencia erakusketa urriaren 11ra arte egongo da ikusgai Loiola Kultur Etxean. Aurtengo edizioaren ardatza onddo haluzinogenoak direnez, horrekin lotuta dago Rene Alvaradoren (Oaxaca, Mexiko, 1984) obrak dituen erakusketa. “Kasu honetan, jakinda jardunaldietako hitzaldia onddo haluzinogenoen inguruan izango dela, bilatzen hasi ginen eta harremanetan jarri ginen Mexikoko artista batekin, Rene Alvaradorekin. Bi hilabeteko lanaren ondoren, azkenean lortu dugu bere lanen erreprodukzioak ekartzea eta horiek dira hilabete honetan ikusgai dauden artelanak”, azaldu zuen Tolosak aurkezpenean.
“Alvarado Oaxacako mazateka etniakoa da. Bere aita xamana eta sendagilea zen, eta beraien kulturan perretxiko haluzinogenoak arbasoekin, jainkoekin eta naturarekin konektatzeko bitartekoak dira. Reneren aitak perretxiko horiek bere sendagai gisa erabiltzen zituen, eta Renek ere erabiltzen ditu beraien arbasoekin konektatzeko. Hori da margo hauetan islatuta dagoena”, gehitu zuen.
Gero eta zaletasun handiagoa
Loiolatarra elkarteko kideen ustez, mikologiarekiko “gero eta zaletasun handigoa” dago Donostian. “Kontuan izan behar da zuhaitzak dauden lekuan perretxikoak izateko aukera handia dagoela. Donostian, Igeldo, Ulia, Ametzagaina, eta inguruko mendi guztiak dira perretxikoak jasotzeko leku egokiak. Hiriko lorategietan ere jaso daitezke, baina ez da gomendagarria, ibilgailuen toxikotasunagatik, besteak beste. Hala ere, hezetasuna dagoenean eta horretarako baldintza klimatikoak egokiak direnean, berehala irteten dira perretxikoak”, jakinarazi zuten.
Horrenbestez, oso ohikoa da inguruko mendietan perretxiko biltzaile ugari aurkitzea, “gutxien dakienak ere badakielako nora joan behar duen perretxiko bila”.