Trueba, 100 urtez zinema proiektatzen
Urte luzetan Donostiako zinema aretoen artean nagusi izateaz gain, tokiko musika eta antzerkiaren bilakaeraren lekuko ere izan da. Mende baten ostean, jatorrizko hizkuntzan proiektatutako filmen aldeko hautua egin eta zinema alternatiboaren egoitza nagusi bilakatu da.
Mirakruz kalea 1960ko hamarkadan egindako argazkian. (Argazkia: Kutxateka) 1923ko urriaren 1ean zabaldu zituen ateak Trueba zinema aretoak (Trueba antzokia orduan). Miramar eta Arte Ederrak antzokiak kudeatzen zituen Mendizabal e Hijos enpresak jarri zuen martxan, Urumea ekialdean zabaltzen ari zen auzoak aisialdi eskaintza eskasia zuela jabetuta. XX. mende hasierara arte izaera industriala izan zuen auzoa, Petit Paris tankerako proiektu arkitektonikoaren barruan sartu nahi izan baitzuen Donostiako Udalak. Javier Maria Sada (Donostia, 1943) historialariak Cinematógrafos donostiarras liburuan azaltzen duen moduan, «Groseko auzo jendetsuak gogotsu hartu zuen Kursaal eta Kolon azpiegiturei batuko zitzaien areto handia».
Sadak liburuan biltzen dituen garaiko kroniken arabera, nabarmena da 2.000 pertsonarentzako edukiera zuen areto honek Donostian piztu zuen ikusmin handia. Batzuek aretoaren «leku estrategikoa» nabarmentzen zuten, «Santa Katalina zubitik gertu» zegoenez, inguruko auzoetako jendeari zerbitzua ematea erraztu zezakeelako. Beste batzuek, aldiz, eraikinaren estilo xume eta berritzaileari erreparatzen zioten: «Ferra itxurakoa da, modernoa, eta alderantziz jarritako aterki baten itxurako plafoi-argi bat du, izpiak aretoko txoko guztietara barreiatu daitezen. Dekorazio handirik gabekoa da, baina boladan dagoen arkitektura ordena dotoreari erantzuten dio». Sadaren hitzetan, denek erakusten zuten Antonio de Trueba y de La Quintana idazle bizkaitarraren omenez izendatutako koliseoak sorrarazten zituzten «perspektiba handiak».
Hurrengo urteetan eskainiko zuenaren aurrerapen gisa, Amerikako Estatu Batuetako zine mutuaren izarrak aukeratu zituzten estreinaldi handirako. Hala, La voz de Guipúzcoa egunkarian iragarri bezala, Gladys Walton aktore ospetsuaren La falda corta eta Clyde Cook umorigilearen El Torero filmak izan ziren lehen eguneko kartelean. Hasierako urte horietan egin ohi zen moduan, zatikako emanaldietan banatu zen ikuskizuna: lau saiotan proiektatu zen lehena; bi zatitan, bigarrena. Hamarkadetan aurrera egin ahala, eta Groseko antzoki batzuen desagerpena tarteko, Trueba aretoa auzoko zinemaren egoitza nagusia bilakatu zen. 1920ko hamarkadako produkzio komikoak atzean utzi, eta zinema estatubatuarraren berritasunez gozatzeko aukera eman zuen gerraostean Cyrano de Bergerac, La Flota Silenciosa edota Cartas Venenosas filmen proiekzioak izan zituen, besteak beste. Hala ere, 1950eko hamarkadatik aurrera izan zuen garairik oparoena. Donostiako uda denboraldiko turismo politika sustatu ahala, zinema berritzailea bultzatzeko lanak bultzatu ziren hiriko areto nagusietan. Zehazki, cinesmascope formatuan egindako produkzio handiek ekarri zuten uholde hura; hasierako txuri beltza, koloredun pantaila berriengatik ordezkatu, eta harekin zekarren soinu sistema estereo berriak, proiekzioen kalitatea nabarmen hobetu zuen.
Zinema baino gehiago
Askotariko jardueren egoitza izan da Donostiako zinema areto hau. Esaterako, zatikako emanaldiak eskaini ohi zirenez, sarritan Truebako taula gainean eginiko antzerki, boxeo borrokaldi, edo bentrilokuoen ikuskizunekin tartekatzen ziren filmak. El Pueblo Vasco egunkariak 1928ko Donostiako aretoei buruz hitz egitean azaltzen duen moduan, maiz zinema programazioak bigarren mailara egiten zuen salto: «Orduan, zinema ikuskizun harrigarria zen, baina ez zuen garrantzi handirik, nabarmenagoak baitziren pelikulen ondorengo emanaldiak». Boxeo eta borrokalariak atzean utzita, abeslari berrien eta antzerki talde amateurrak bultzatzen jarraitu zuen 1980ko hamarkadara arte.
Aldaketak aldaketa
100 urte ez direnez gutxi, eta etengabe berritu den industria izanik, hamaika bider egokitu behar izan dute aretoa. Lan nagusienak, 1980ko hamarkada bukaeran eman zituen, Mirakruz kaleko sarrera, Secundino Esnaolara lekualdatu zutenean. Erabaki hura, 1989ko lan handiekin etorri zen, aretoa kudeatzen duen SADE taldeko zuzendariaren iritziz, aurretik zegoen antzokia «handiegia zenez», porrot egiteko aukera handiak zituelako. Urte pare baten buruan ireki zuten bi areto txikiz osatutako egoitza berria, eta geroztik, zinema altenatiboa eskaintzeko bidea jorratu du, batik bat, Kresala Zineklubarekin batera. 2014tik du bidelagun, eta zinema areto komertzialetan proiektatzen ez diren filmak programatzen dira asteartero, jatorrizko bertsioan.




