Txaparreneko tunela bi hilabetez itxita egongo da
Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuko tunela itxi egingo dute astelehenean (hilak 25), eta bi hilabetez egongo da itxita. Lanak direla eta itxiko dute, pasealekuko zoladura konpontzeko lanekin jarraitzeko.
Hain zuzen ere, maiatzean hasi ziren Txaparrene pasealekuko lanekin, eta Ane Oiarbide Obra eta Proiektuetako zinegotziak gogorarazi du lanek esku hartze hauek hartzen dituztela euren gain: pasealekuko zoladura guztiak berritzea, 2,20 metroko zabalerako bidegorri bat sortzea eta oinezkoentzako espaloi bat egitea. Era berean, ur eta saneamendu zerbitzuak, euri uren bilketa sistema, argiteria eta beste zerbitzu batzuk berritzen ari dira. Horrez gain, Oiarbidek azaldu du azken egunotan “segurtasun arrazoiengatik” pasealeku osoa okupatzen duten lanak egiten ari dira 260 metroko tarte batean, Intxaurrondoko tren geltokiaren eta Txaparreneko tunelaren artean.
Tunelak Herrera eta Intxaurrondo lotzen ditu, eta udalak bi ibilbide proposatu ditu alternatiba gisa, nahiz eta ohiko ibilbidetik dezente urruntzen diren: lehen aukera (behean, gorriz markatuta), Parada Baserria kaletik igotzen da, ondoren Ategorrietara iristeko. Bigarrena (berdez markatuta), Garroko zubira igotzen da, trenbidea gurutzatzen du eta Zubiaurre kalera iristen da. Hala ere, urriko lehenengo asteburuan lasterbide bat jarriko dute Txaparrene pasealekuan, Parada Baserria kaleraino joango dena, ibilbidea murrizteko.