Elkarretaratzeekin jarraitzeko «apustu irmoa» du Erriberak Martxan taldeak
Loiolako Erriberan Eusko Jaurlaritzak eraiki nahi dituen hamazazpi eta hamahiru solairuko dorreen proiektua geldiarazteko elkarretaratzeekin jarraituko dutela baieztatu dute.

Uda amaituta, Erriberak martxan taldeak Jaurlaritzak eraiki nahi dituen dorreen aurkako protestei ekingo diela baieztatu du. Atzo bertan izan zuten, aurrenekoa, pare bat hilabeteetako atsedenaren ostean. Elkarteko kideek adierazi dutenez, oraindik ez dakite erakundeek “behin betiko proiektu bat ote duten, ala oraindik lantzeke daukaten”. Nolanahi ere, nabarmendu dute garrantzitsua dela dorreen aurkakotasuna “argi uztea” eta auzotarrentzako eremua aldarrikatzea: “Gazte nahi helduentzako aisialdi topagune bihurtzearen aldeko apustua egiten dugu”.
Auzo elkarteak, bestalde, Sahatsa proiektuaren orubea “guztiz utzita” dagoela salatu du, eta “arratoien habi” bihurtu dela egun duen egoera osasungaitza dela eta. Horiek horrela, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari lehenbailehen garbiketa lanetan hasteko eskatu diote.
Sahatsa proiektua
Loiolako Erriberan iazko udan sortu zuten Erriberak Martxan taldea, Sahatsa eremuan Eusko Jaurlaritzak eraiki nahi dituen dorreen proiektuari aurre egiteko. Hasiera batean, Eusko Jaurlaritzak hogei solairuko eraikin bat egitea aurreikusi zuen, baina auzoan sortutako zalapartaren ostean, %40 murriztu zuten eraikigarritasuna. Gauzak horrela, hogei solairuko eraikinaren ordez, hamahiru solairuko bat eta zazpi solairuko beste bat egiteko asmoa dute.