Pau Etxaniz zortzigarren, eta Chourraut finaletik kanpo

Egun gazi-gozoa izan dute Donostiako Atletiko klubeko kirolariek Lee Valley kanalean ospatzen ari diren Mundu Txapelketan, baina betebeharrak eginda bueltatuko dira etxera. Pau Etxaniz zortzigarren izan da gizonezkoen K1 kategorian, eta 2024ko Olinpiar Jokoetarako postua eskuratu du. Gazte donostiarrak ezin izan du finalerdietako denbora hobetu (96.59) eta akats gutxi izan baditu ere, 5 segundoko aldearekin izan da garaile Joseph Clarke britainiarra (91.32).
Dominarik lortu ez badu ere, ez dator esku hutsik etxera; izan ere, hamasei herrialde onenen artean kokatu behar zen finalerdietan 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetako txartel hori lortzeko, eta Etxanizek aise eskuratu du, bederatzigarrena izan baita. Aurtengo denboraldia borobilduko du lorpen horrek, Europako eta Munduko txapelketetan eskuratutako zortzigarren postuarekin bat.
Maialen Chourrautek aldiz, ez du K1 modalitateko finalean aritzeko aukerarik izan, hamabosgarren izan baita, Jessica Fox austrialiarraren lehen postutik, 7,10 segundora. Lasartearrak, baina, 2024ko Olinpiar Jokoetan lehiatzeko postua eskuratu du eta erronka nagusia lortuta itzuliko da etxera.