Izozkia jateko moduko kolore festa, errealitate grisean
Isabel Herguerak, gehienbat, akuarelekin sortutako irudi koloretsuak erabili ditu bere lehen lan luzerako. Ingurukoen berotasunean estreinatu du.
Gaugiro epeleko igande iluntzean, lepo bete zen Kursaala donostiarrak sortu duen unibertsoa bertatik bertara ikusteko. Asko, ziurrenik, izozkia janda sartuko ziren aretora; gu bai, behintzat: jogurta-urra, azken hori beganoa. Jarraian, langilearen betiko iruzkina, asmo onenarekin egina, ziurrenik: «Jogurtarena ez da beganoa». Mila esker nire printzipioak izozkiarekin batera jango ditudala gogorarazteagatik.
Izozkia presaka jan ondoren, Kursaal barrura. Bertan izan zen filmeko lantaldea ere, eta goxo hartu zituen aretoak, txalo zaparrada batekin. Ez zen zaila Herguera bera edo lantaldekoren bat ezagutzen zuen norbait topatzea inguruan, eta horrek giro berezia sortzen lagundu zuen. Hasi aurretik ere, pelikulak arrakasta ziurtatua zuen.
Ines izeneko 30 urteko zinemagile bat du protagonista filmak —Miren Arrieta donostiarrak jarri dio ahotsa protagonistari—, eta Inesekin batera bidaiatuko du ikus-entzuleak: Indiako zenbait hiritara, Donostiara eta Erromara, besteak beste. Indiara egindako bidaia batean Inesek Sultanaren ametsa liburuarekin egingo du topo, eta, horrela hasiko da protagonistaren bidaia pertsonala. Filmak feminismoa jorratzen du lehen eszenatik bertatik, eta horrek lotzen ditu Ines eta Begum Rokeya Hossein, jatorrizko liburuaren idazlea.
Hergueraren lanari edertasuna dario, mimo handiz egin duenaren seinale. Ederra, eta kolektiboa. Zuzendariak mehndi teknika, henna bidez egindako behin-behineko tatuajea, erabiltzen du Rokeyak irudikatu zuen Emakumeen Herria islatzeko —emakumeek gobernatutako mundua irudikatu zuen bertan—. Horretarako, Indiako emakumeen laguntza izan du, bertan egindako tailerretan oinarritu baita irudi horiek sortzeko. Koloreek ere protagonismo handia dute —filmaren hasieran izozkirik jan ez zutenei jateko gogoa sartzeko modukoa—, baina filmeko eta bizitzako errealitatea ez dira horren koloretsuak.
«Emakume guztiok izan gara jazarriak noizbait, eta denok erabaki dugu uneren batean hori isiltzea», esaten du Inesek une batean. Liburua argitaratu zenetik laster 130 urte beteko diren arren, Hossainek irudikatu zuen mundu horrek utopikoa izaten jarraitzen du gaur egun ere, eta berdintasuna helburu egindako urrats eskasei buruz hausnartzeko bidea ematen du filmak.
Hainbat ohiturak errotuegi jarraitzen dute egungo jendartean, su artifizialen ondoren izozkia jatea bezalaxe.