Argiartean jaialdia bueltan izango da urriaren 6 eta 7an
Jaialdiaren hirugarrenez egingo dute, eta argi ikuskizunak eta zuzeneko emanaldiak aurkeztuko dituzte, Loiolako Erriberako Oroimenaren parkean, urriaren 6 eta 7ko gauetan.
Argiak eta ikus-entzunezko baliabideek bat egingo dute, beste behin, arkitekturarekin eta paisaiarekin artea sortzeko. Hala adierazi dute, gaur goizean, Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. Bi eguneko jaialdi honek urtean zehar laborategi gisa abiarazi diren lan prozesu esperimentalak erakusteko bide ematen du. Horrez gain, Euskal Herriko musikarien zuzeneko emanaldiak ikusteko aukera egongo da; Javi P3z eta Nagore Legarreta donostiarrak izango dira jaialdian, besteak beste.
Aurreko bi urteetan bezala, Oroimenaren Lorategian eta Loiolako Erriberako elizan uztartuko dira bideo, musika eta argi ikuskizunak, eta jana eta edanarentzat txoko bat utziko dute. Instalazio eta emanaldien komisariotza, beste behin ere, Edorta Subijana sortzaile eta arkitekto donostiarraren ardura izan da, eta zeregin honetan Xabier Lozano argiztatzaile beteranoa izan du bidelagun.
Argi ikuskizunei dagokionez, Iesu elizan eta Oroimenaren Lorategian egingo dira. Besteak beste, Fernando Bernues eta Harkaitz Canoren Begiekin pizteko hitzak, Argiartean Laborategiaren Kroma, Carlos Solanoren Objeto Espectacular eta Juan Aizpitarte donostiarraren Fiat Lux argi lanak egongo dira ikusgai.
Aurtengo musika programazioari dagokionez, bi jardunaldietan banatuko dira zuzenekoak. Ostiralean, Alvaro Turrion, Jaime De los Rios, Magia Bruta, Javi P3z eta Ibon Errazkin eta Distopia Mutante ariko dira, 20:00etatik 23:00etara. Larunbatean, aldiz, Lumi eta Nagore Legarreta, Tmatnb eta Desilence, Zabala eta Pablo Casares artistak arituko dira zuzenean Oroimenaren Lorategiko oholtza gainean, 23:30ak arte.