Maialen Chourraut munduko seigarren, kayak cross modalitatean

Kayak Kross modalitateko lehiaketan seigarren izan da atzo Maialen Chourraut, finalerdietan erori ondoren. Domina gose atera zen kirolari lasartearra Lee Valleyko kanalean ospatu den Mundu Slalom Txapelketaren azken lehiaketara. Denbora gutxigatik finaletik kanpo gelditu den arren, pozik agertu da lortutako emaitzarekin: “Finalean sartu ez izanak pena ematen dit, baina munduko seigarren izatea ez dago gaizki”.
2014ko Olinpiar Jokoetako proba berria da eslalom piraguismoko kayak krossa. Bestelako kategorietan ez bezala, lau kirolarik lehiatzen dute aldi berean, kanaletik bi metrotara erori ostean. Seinalea entzundakoan, saltoa egin eta orduan hasten da lau kirolariren arteko norgehiagoka.”Oso gogorra da eta asko borrokatu behar da”, azaldu du Chourrautek.
Lasartearra atzerriko beste hiru kirolariekin lehiatu da eta final-laurdenetako balorazio positiboa egin du: “Laugarren nengoen, eta hala ere, aurreratu dut; bukaerara arte borrokatzeagatik lortu dut hurrengo txandara pasatzea”.
Finalerdietan, ordea, ondo hasi baina segituan gelditu da atzean, hirugarren eta laugarren ateetan izandako arazoengatik. Segundo pare bat galdu eta hirugarren sailkatu da, finalerako txartelik lortu gabe. Hala ere, txapelketaren balorazio positiboa egin du lasartearrak: “Lehengo urtean hasi nintzen Kayak krossean, eta ilusio handia dut modalitate honetan. Azkeneko bi lehiaketetan muturra sartzen ari naiz eta denbora-neurketetan ere aurrean egotea lortzen dut. Pena, gutxigatik gelditu naizelako finaletik kanpo”.