Testu feministen itzulpengintzaz ariko dira bihar Tabakaleran
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE) testu feministen itzulpengintzari buruzko solasaldia antolatu du bihar, hilak 26. Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan izango da, 18:00etatik 19:30era.
Testu feministen itzulpengintza: borrokara tresna bat? izena jarri diote solasaldiari, eta Amaia Astobiza Uriarte, Ana Morales Carro eta Danele Sarriugarte Mochales izango dira parte hartzaileak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, azkenaldian feminismoaren alorreko testu asko ari dira euskarara itzultzen, eta horrek eztabaida feministak elikatu ditu.
Testu berri horien terminologiek eta diskurtsoek, ordea, itzultzaileen testu sorkuntzari eragiten diote. “Itzultzaile gisa, zer baliabide dugu testu idatzietako terminologia bateratzeko? Lortzen dugu mugimendu feministaren hizkuntza-ohiturak jasotzea eta haren gabeziak betetzea?”, galdegin dute.
Solasaldia streaming bidez ere jarraitu ahal izango da.