Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikineko eraikitze lanen lizentzia onartu du udalak
Parte Zaharreko Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikinean hamar etxebizitza, merkataritza erabilerarako lokalak eta garajeak eraikitzeko lizentzia onartu du Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak. Kalearen mailan dagoen solairua bere horretan mantenduko dutela azaldu du Eneko Goia alkateak, eta hortik gora eraikiko dituztela solairu berriak. Viviendas Lanin S.L. enpresa da lanak egingo dituena.
Zeresana eman duen eraikina da hori. 2021eko azaroan, Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu zuen eraikina botatzekoak zirela, eta, hain zuzen ere, 2023ko urtarrilean hasi ziren eraisketa lanekin. Hiriko eraikin historiko bat da, eta elkarte horrek hainbatetan salatu du udalak babestu ez izana; Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziaren dimisioa eskatu zuten, besteak beste.
XIX. mendeko eraikina
1889koa zen Aldamar kaleko 1. zenbakiko eraikina, eta Domingo Ezeiza lan maisuak egin zuen. Egurrezko egitura eta hareharrizko fatxada zeuzkan, eta eraiki zenean, harresi zaharra zuen oinarri, orduan oraindik ez baitzegoen eraitsita eremu horretan. Besteak beste, Rekalde taberna ezaguna zegoen eraikin horretan.