Belartza Goikoan industrialde bat baimentzeko plana behin betiko onartu du udalak
Donostiako Udalak behin betiko onarpena eman dio Añorgako Belartza Goikoa eremuko Plan Partzialari. “Sektorean garatu beharreko jarduera ekonomikoko erabileren programa berriz aztertzea proposatzen da, industria erabilerako lurzatien multzo bereizi gabea definituz, eta horiei beste jarduera erabilera batzuk ezartzeko tolerantzia orokorra esleitzen zaie. Horren bidez, hobeto egokitu nahi da Belartzagoia bezalako lekuetan jarduera ekonomikoko lokalen eskariaren egungo baldintzetara. Guztira 83.894 metro koadroko eraikigarritasuna antolatu da”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Hedabide honek otsaila hasieran adierazi zuen Hirigintza Sailak logistika zentro handi bat baimendu nahi zuela Belartza Goikoan. Horretarako, plan partzial bat onartu behar zuen udal gobernuak, eta martxoan behin-behineko onarpena eman ondoren, behin betikoa eman diote orain. Era berean, logistika zentroaren proiektuak ingurumen baimena jaso zuen ekainean.
Belartza Goikoa eremuan 102.395 metro koadroko logistika zentro bat eraikitzea aurreikusten da, eta, horrekin batera, zortzi solairuko hotel bat, gasolindegi bat, ostalaritzarako lursail bat, aparkaleku bat eta logistikarako bi pabiloi (32.000 eta 14.000 metro koadrokoak).
Bestalde, EjePrime atariak Belartza Goikoan eraiki nahi duten gune logistiko handiaren inguruko xehetasun gehiago eman zituen urte hasieran. Zehazki, Belgikako VPG eraikuntza enpresak 35.000 metroko zentro logistiko bat garatzeko asmoa du Belartza Goikoan.
Isurketa ilegala
EAEko Auzitegi Nagusiak 2019ko ekainean ebatzi zuen Belartzan 2016an egindako isurketa ilegala zela. Haritzalde Naturzaleen Elkarteak jarri zuen helegitea, eta auzitegiak arrazoia eman zion. Gainera, Valeriano Urrutikoetxea (VUSA) harri betelan ilegalaren enpresa arduraduna eta udala zigortu zituen. Bata isurketa egiteagatik, eta, bestea, isurketa hori egiteko baimena emateagatik.
Era berean, eremua lehengoratu behar zela ebatzi zuen auzitegiak, baina harri gehienek leku berean jarraitzen dute. “Lau urteren ondoren, eta epaitegiak galdegin badu ere, udalak ez du subsidiarioki isuria eratorri eta sustatzaileek erator ez dezaten onartzen du, hitzemate huts soil bihurtuz bere esku-hartzea”, adierazi du Haritzaldek.