Emakume Ikerlarien I. Topaketak egin dituzte
BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzak Emakume Ikerlarien I. Topaketa antolatu zuen astelehenean Miramongo Teknologia Parkean. Bertan izan zen, besteak beste, Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua. “Emakume ikertzaileak ezinbestekoak zarete Euskadiko zientzia eta teknologiaren alorrean. Gaur urrats bat gehiago eman dugu; ez dugu bukatu oraindik”, esan zuen Tapiak.
Izan ere, lehen aldiz antolatu dute gisa horretako topaketa bat, eta, antolatzaileen arabera, emakume ikerlariak ahalduntzea, belaunaldien arteko esperientziak trukatzea eta berdintasunerako bidea sustatzea izan dira helburuak. “Emakume ikerlariek beren ibilbide profesionalean topatzen dituzten egiturazko oztopoak identifikatu eta hauetan esku hartzeko tresnak sortzea dugu helburu”, adierazi zuen Garbiñe Manterola Agirrezabalaga BRTAko transferentzia arduradunak.