FCCk eta Serbitzuk jasoko dituzte Donostiako hondakinak hurrengo hamar urteetan ere
Donostiako Udalak onartu egin du hiriko hondakinak jasotzeko eta garraiatzeko zerbitzuen kontratua RSU Donosti Aldi Baterako Enpresen Elkarteari (ABEE) adjudikatzea. FCC Medio Ambiente S.A. eta Serbitzu Elkartea S.L. enpresek osatzen dute aldi baterako elkarte hori.
Hamar urterako kontratua da, eta, beraz, ABEE horrek jaso eta garraiatuko ditu Donostiako hondakinak hurrengo hamar urteetan; urte bakoitzeko, 7.457.843 euroko gehienezko aurrekontua du kontratuak. Hain zuzen ere, diru kopuru handiarengatik, Eneko Goia alkateak nabarmendu du “udalaren kontratu handienetako bat” dela hondakinen kudeaketarena.