Gero Axular taldekoak Txinan dantzatuko dira
Gero Axular dantza talde donostiarrak Qingxu hiriko (Txina) I. International Folk Art jaialdian parte hartuko du, urriaren 1etik 7ra. Dantza folklorikoko munduko bederatzi taldek hartzen dute parte jaialdian, eta horien artean dago Gero Axular; Mexikoko, Ekuadorko, Beningo, Filipinetako, Kazakhstango, Georgiako, Bulgariako eta Frantziako talde bana joango dira jaialdira Gero Axularrez eta Txinako tokiko talde batez gain.
Dantza talde donostiarreko 18 eta 25 urte arteko bederatzi dantzari joango dira Txinara, Andoni Iparragirre taldeko musikarien zuzendariarekin, Gurutze Telleria jantzien arduradunarekin eta Juan Luis Unzurrunzaga maisu, koreografo eta eta taldeko zuzendariarekin batera. Hain zuzen ere, jaialdiko antolatzaileek Unzurrunzagari eskatu diote jaialdiaren inaugurazio ekitaldiko koreografia egiteko, eta gala horretako maisua izango da.
Txinako CCTV telebista nazionalaren eta Frantziako Estatuko TF1 eta 3. kate nazionalaren bidez ikusi ahalko da jaialdia, eta aurreikusten da Qingxun bertan 50.000 lagunek zuzenean ikustea. Horrela, “erronka handia duzue gure hiriaren izena goian uzteko, eta ziur hala egingo duzuela”, esan die Gero Axular taldekoei Eneko Goia alkateak.
Uztailean jaso zuten proposamena
Erronkaren berri eman dute udaletxean Gero Axular taldekoek eta alkateak, eta prentsaurrekoan Telleriak azaldu duenez, uztailean egin zieten Txinara joateko proposamena: “Frantziako jaialdi batetik dei bat iritsi zitzaigun, esanez ea Txinako jaialdi batera joan nahi genuen. Baietz esan genuen, baina ez geneukala baliabiderik. Dena ordainduta zegoela esan ziguten, eta ‘bueno, ba joan beharko gara’ esan genuen!. Ondoren, Frantziako jaialdi horretara dantzatzera joan ginen aurten, eta bukatzean, Frantziako eta Txinako ordezkari bana etorri zitzaizkigun, gu ikustera etorri zirenak. Gustatu zitzaiela esan ziguten, eta hartuko zutela erabaki bat. Abuztuan iritsi zen erabakia, eta izapide guztiak egiten hasi ginen”.
Ordea, azken asteotan konturatu dira benetan zein erronka handia den, Telleriak nabarmendu duenez: “Informazio gehiago jasotzen hasi gara, eta konturatu gara zer nolako magnitudea duen honek. Eszenatokia, adibidez, Plaza Berrian jarri ohi dena baino lau aldiz handiagoa da, eta egiten dituzten muntaketan Madonnaren ikuskizunen parekoak dira”.
Horrela, hara joatea “ohore bat”, dela nabarmendu du Telleriak: “Gure folklorea aukeratu dute, atzerrian oso estimatua delako; oso harrera ona du beti. Aukera aprobetxatu behar da, eta gu joango gara Euskadi existitzen dela erakustera. Hazia jarriko dugu, eta ikusiko dugu zer datorren”.
Garazi Iparragirre dantzariak ere hartu du hitza, eta oso pozik agertu da erronkarekin: “Inoiz ez nuen pentsatuko dantzari gisa beste kontinente batera joango ginenik. Izugarria iruditzen zait aukera hau, eta ezin dut sinistu oraindik”. Halaber, oso gogor entseatzen ari direla azaldu dute dantzariek –astean sei egunez–, baina merezi duela: “Oraintxe bertan, edozer gauza egingo genuke Txinara joateko”.
Inaugurazio ekitaldia
Unzurrunzagak azaldu du dagoeneko prest dituela inaugurazio ekitaldiko koreografia eta dantzak, baina bere dantzariek oraindik ez dituztela ezagutzen: “Txinako musika pixka bat landu behar izan dut, baina koreografia eta dantzak prestatu ditut dagoeneko. Gure dantzariek oraindik ez dute ezagutzen, eta han landu beharko dugu, aurreko egunetako entseguetan”.
Beraz, denentzat sorpresa bat izango da inaugurazio galako ikuskizuna, baina Unzurrunzagak aurreratu du euskal folklorea presente egongo dela eta “5.000 urte dituen instrumentu bat” izango dela “ikuskizunaren haria”.
Bestalde, azaldu du jaialdia ez dela lehiakorra, erakustaldirako jaialdi bat dela baizik. Horrela, donostiarrak egunero dantzatuko dira.