Hiriko hiru bidegorri zati konponduko dituzte
Donostiako hiru bidegorri zati konpontzeko proiektua onartu du udalak, 2022ko Partaidetzazko Aurrekontuetan onartutako hiru proposamen batuz. 599.987 euroko aurrekontua du proiektuak, eta hiru hilabeteko egikaritze epea.
Zehazki, bidegorri zati hauek konponduko dituzte: Ondarretatik unibertsitateetara doan zatiko bidegorria (Tolosa hiribideko zatia bereziki), Amaratik Erdialderaino doana (Bizkaia, Gernikako Arbola eta Foru pasealekuak hartzen dituena) eta Grosetik Amara Berrira Federico Garcia Lorca pasealekutik doana.
Lehenengo zatia konpontzeko proposamenak 491 aldeko boto jaso zituen Partaidetzazko Aurrekontuetan, bigarren zatiarenak 333 eta hirugarrenarenak 341. “Abian jarriko den proiektu hau parte hartzeko prozesuen garrantziaren adibide bat da, horien bidez herritarrek garrantzizkoenak iruditzen zaizkien gaiak proposatu eta lehenetsi ditzaketelako”, nabarmendu du Eneko Goia alkateak.
Halaber, Goiak gogorarazi du herritarrek aukera dutela 2024-2025 urteetako Partaidetzazko Aurrekontuen prozesuan parte hartzeko, eta udalak hiru milioi euro bideratuko dituela aurrekontu horietara. Prozesuaren analisi fasea bukatzen ari dira orain, eta datozen asteotan argitaratuko dituzte jasotako proposamenak (baldintzak betetzen dituztenak), bozkatzeko.