Kolonizatzaile garaikideen autokritika
Aimar Uribesalgo oñatiarrak turistatzat du bere burua, eta hala aurkezten da dokumentalaren egilea, bere buruz hitz egiteko eskatzen diotenean. Zinemaldi Alternatiboan proiektatu den Peregrino modernoen oporrak dokumentalak turismoaren ertz guztiak ukitzen ditu, gure barrenak aztertu eta oporraldietan egiten duguna birpentsatzeko. Hala, deseroso jartzen du ikuslea autokritikaren bilaketa horretan, eta galderak ugaldu egiten dira etengabe. Zergatik dugu leku exotikoetara joateko beharra? Zergatik sentitzen dugu askatasuna gure etxetik irteten garenean? Benetan zoriontsuak al gara bidaiatzen dugunean, ala sistema kapitalistak sortzen du ilusio horren beharra?
Paradoxetan paradoxikoena
Kontraesanak aztertzeko, kontraesanetatik abiatzen da dokumentalaren egilea. Izan ere, turismoaren kritika sakona egiten du Vietnam, Laos eta Kanbodian oporretan dabilela. Hasiera batean, Vietnamgo Errepublika Sozialistaren inguruan bideo bilduma egiteko asmoa bazuen ere, segituan konturatu zen “turismoa grabatzen” zebilela uneoro. Horiek horrela, Indotxina osatzen zuten herrialdeetako irudien segidarekin osatzen du proiekzioa. Irudiak baina, bigarren mailan gelditzen dira, narrazioaren mezu mamitsua nabarmentzen baita ekoizpen osoan zehar ere. Irati Bollarren ahotsaren gidaritzapean, turismoaren historia eta bilakaera aztertzen da: 1970eko hamarkadako hastapenetatik, egungo “abangoardia modernoetara” egindako ibilbidean, merkatuaren zabalkuntza eta turistaren jokabideak aztergai ditu Uribelsalgok.
Proiekzioak duen zama teorikoa aipatzekoa da, “gehiegi beharbada” egilearen hitzetan, baina hala ere, hori bilatzen zuela dio: “Dokumental honek ez du helburu didaktikorik. Ez dut espero dena ulertzea, baina ikusleak, ondoren, hari horretatik tira egiten badu, zerbait lortuko dut”. Narrazioaren pisuaz jakitun, zazpi ataletan banatu du ekoizpena eta ironia eta umore apur bat eransten dizkio arintasuna bilatzeko.
Kualitatibotik kuantitatibora
Norbait izateko zerbait eduki behar dugun sistema honetan, esperientziak pilatu, eta, bereziki, partekatzean datza turismoak. Lekuetara joan eta boladan dagoen zerrenda hori bete, “tipikoena” egin, toki-ezak bisitatu, eta toki-ezen bilakaeran hartzen dugu parte. Hori egiten aurrenak bagara, gainera, are hobeto.
Turistaren figura erdigunean jartzen du Uribesalgok. Bidaiaritzat hartzen den turista alternatiboak turismo tradizionala kritikatzen duelako egun. Baina zer nolako aldea dago bi turismoen artean? Zertan desberdintzen da atzerrikoek eta bertakoek gure denbora librean egiten duguna? Gaztetxeroak, beganoak, ezker abertzaleko gazteak, anarkosindikalistak, animalistak… denek bidaiatzen dute, denak dira turismoak sortu duen sistemaren parte, furgoneteroen merkatu “abangoardistarena” badira ere. Uribesalgok berak ere aitortzen du “gaztetxeko asanblada batean” etorri zitzaiola bidai hau egiteko ideia.
Ildo beretik nabarmentzen du ekoturismoak sortzen duen antitesia. Turismoa egitera bai, baina turismo jasangarria egitera doazenak. Ekoturismoa izenez ezaguna denak, ordea, ba al du zerbait jasangarritik, bidaia aurrera eramateko garraio zerbitzuak erabili eta merkatuaren baliabideak ustiatu behar direnean?
Ikusleak duen galdera sorta horretan, aurretiaz eztabaidatu ez diren hainbat baieztapen ere jartzen ditu zalantzan. Ikurrak, botere harremanak, bizimodu desberdinekiko erromantizazioa, hiri eta herrien museizazioa , edota horien merkantilizazioa… horren guztiaren parte da bidaiari ezkertiarra ere, horren inguruan hausnartzeak deseroso jartzen duen arren.
Etengabeko gurpila
Herrialde exotikoak, Europako hiri historikoak eta udaran Asturiasen, Costa Bravan, Cadizen edo Landetan egindako oporraldiekin lotzen dugu turismoa; baina, non hasten da turismoaren muga? Baztanen asteburu pasa egiteak, edo igande batean mendira joateak ez al du harremanak du aurrekoarekin? “Nola joan zaitezke horren urrun zure ingurua ezagutu gabe” esaldia maiz entzuten da atzerriko bidaiei buruz ari garenean, baina gure ingurua ezagutzean ere ez al ditugu turismo merkatu berriak sortzen? Bata bestea baino hobea al da?
Turismoaren muga identifikatzeak arazoak sortzen baditu ere, are zailagoa da nola bukatzen den argitzea. Leku berrien etengabeko bilaketa horretan, herri eta hiriak ustiatzen ditugu hiriaren xarma eta aurreko bizimoduarekin bukatu arte, ondoren, beste batzuen bila joateko. Hala egiten dute Donostiarekin ere, donostiarrak kanporatuz. Izango al dugu, baina, turismorik gabeko gunerik turismoak dena jaten duenean? Guk ere egingo al dugu autokritika etengabeko gurpil hau gelditzeko?