Maitasun bat... ezinezkoa
Sara Mesaren Un amor eleberria zinemara ekarri du Isabel Coixet zuzendariak (Bartzelona, 1960). Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu dute gaur, eta Urrezko Maskorra irabazteko hautagaietako bat da. Nat (Laia Costa), 30 urte inguruko protagonista, hiriko zaratarengandik eta estresarengandik urruntzeko asmoz, mendi aldeko La Escapa (Nalda, Errioxa, Espainia) herrixkara joango da, lasaitasun bila. Ustez. Gauzak ez dira pentsatu bezain errazak izango, ordea, Natentzat.
Coixeten azken filmak hari nagusi bati jarraitzen dio, maitasuna ardatz hartuta. Hala ere, askotariko gaiak josiko dizkio istorioari, bukaerara arte ikuslea intrigaz mantentzen duen film borobila osatzeko. Natek berehala ezagutuko ditu bere bizileku berriko bizilagunak, eta hasieratik jasan beharko du bere etxejabearen mespretxua. Zatika erortzen ari den eta itoginak dituen etxe bat alokatu dio Natek, eta etxejabeak (Luis Bermejo) ez du inolako asmorik izango konponketa txikiena ere egiteko. “Ordaintzen didazunagatik, ezin naiz konponketak egiten hasi etxe honetan!” eta “iritsi zarenetik, kexatu besterik ez zara egiten”, entzun beharko ditu Natek haren ahotik. Nabaria da gizon horrek, Nat baino dezente zaharragoa denak, gozatu egiten duela abusatzaile izate horrekin, eta ahal duen bakoitzean bere estatusa nabarmentzen, Edo etxe honekin konformatzen zara, edo ez duzu beste ezer; zuk ikusi premisapean. Gainera, erabat zaindu gabe dagoen txakur bat oparituko dio, argi eta garbi tratu txarrak jasan dituena aurretik. Natentzat buruko min bat gehiago, hasiera batean behintzat.
Negua da, eta euria etengabe egiten du herrixkan. Natek gainontzeko bizilagunei entzuna die El Aleman (Hovik Keuchkerian) delako herriko gizon misteriotsu bat trebea dela iturginak konpontzen. Egun batean, barazkiak eramango dizkio El Alemanek Nati etxera, eta itoginak dituela baieztatu ahal izango du. Berak konpondu dakizkiokeela esango dio El Alemanek, eta hurrengoan egingo diola aurrekontua. Hona hemen egiten dion aurrekontua: “Nik itoginak konponduko dizkizut, baina, zuk, trukean, zure barnera sartzen utzi beharko didazu”. Natek proposamenari ezezko borobila emango dio hasieran, baina itoginen etsipenak bultzatuta, El Alemanen etxera joango da eta berekin sexu harremanak izatea onartuko du. Lehen gau hartako malkoekin interpretatu daiteke ez zaiola bizipen hori gustatu, baina, publikoaren ezusterako, ustezko maitasun istorio bat hasiko du berarekin.
Ustezko diot, bai. Izan ere, hemen datoz norbaitez maitemindu eta harengandik maitatua izateko nahi eta ezinak dakartzan buruko minak. “Hasieratik jo ninduzun begiz?”, “Zer gertatuko ote litzateke lehenengo gauaren ondoren berriz zugana etorriko ez banintz? Gureak aurrera egingo luke?”, galdetuko dio Natek egun batean, sofan lasai asko etzanda daudelarik –horrelako galderek, ordea, momenturik lasaiena ere aztoratu dezakete–. Ez, erantzungo dio El Alemanek: “Beharbada zuk jo al ninduzun begiz? Horrela gertatu da eta listo, beti izan ohi da horrela”. Labankada bat bihotzean. Hitzik gabe uzten zaituzten erantzunak. Nat saiatuko da El Alemanekin harreman polit bat izaten, baina gizonezkoaren tonu ezatseginak eta etengabeko liskarrek harremana etetea ekarriko dute.
Interesgarria da El Alemanen pertsonaia hotz hori, izan ere, bizilagunek diotenarengatik, “gehiagori ere konpondu dizkio itoginak” gizonezko hark. Eta istorio horiek ez dira sekula ongi amaitu, Natek baieztatu ahal izango duen moduan. Ustezko maitasun hori gertatzen ari den bitartean, protagonistak beste hainbat pertsonaiarekin elkarbizitzen jakin beharko du: lagun harro eta matxistarekin (Hugo Silvak interpretatzen duena), ongi hezia dirudien bizilagun gaiztoarekin (Ingrid Garcia-Jonssonek antzeztua) eta dementzia duen adineko emakumearekin eta haren senarrarekin, besteak beste.
Natek pertsonaia bakoitzarekin eraikitzen duen harremana oso desberdina izango da, eta gauzak uste bezala atera ez zaizkiola ohartzen denean, bizipen txar guztiak albo batera utzi, eta bere bidea egiten jarraituko du. Benetako maitasun batekin. Zein den maitasun hori? Un amor filmaren amaieran ikusi ahal izango duzue. Azaroaren 10ean iritsiko da zinema aretoetara.