Abortatzea, ihes egitea; bizitzea
Fecha a porta, atea itxi. Sekretuek ihes egiten dute zirrikitu guztietatik. Gizadiaren historia osoan zehar, legezkoa eta moralki onartua denaren gainetik, gizabanakoek bilatzen dituzte arrakalak, egin behar dena egiteko. Legea beti delako bortxa, klase batek beste klase baten gainean, berdin debekatzen zaie kalean lo egitea behartsuei eta aberatsei.
Abortua legez kanpokoa da, moralki arbuiagarria, hain zuzen, gizonek egin dituztelako legeak, emakumeen gorputzen kontra. Baina mundua mundu denetik –gizakiontzat, bistan da–, emakumeek euren gorputzen gaineko ezagutza, jakintza eta zaintza praktikatu dute, gerora, medikuntza deituko zaiona.
‘O corno’, abortatzeko
Jaione Cambordak (Donostia, 1983) abortuaren historia bat egin du, 1970eko hamarkadako Galiziako irla batetik abiatuta. Hainbat belaunaldik joko dute emagin berarengana, erditzeko, edo abortatzeko. Sekretua gordetzea ezinbestekoa da, denek dakiten arren, inork ezin duelako jakin.
Janet Novas dantzari eta performerrak gorpuzten du Maria emagina. Berak badaki sehaska kantak ez direla haurrak lokartzeko, helduak esna mantentzeko baizik. Berak badaki bizitza eta heriotzaren artean, hari fin-fin bat dagoela. Berak badaki, batzuetan, hari horren izena dela o corno do centeo, zekale-ainoa, claviceps purpurea. Berak badaki abortuaren ostean hasten dela bizitza, eta pertxa baten alanbrea baino hobea dela emakumeen arteko laguntza.
Ihes egitea, halabeharrez
Baina hau ez da soilik abortuaren historia. Ihesaldien historia ere bada. Kontrabandistena, poliziaren indarkeriarena, eta langile jendeak bizitzari aurre egiteko boterearen kontra egin behar dituenak. Ezinezkoa izan zait Miñan-ekin ez gogoratzea, edota Manuel Tiagoren kronikez. Gizadiaren historia da ihes egitea. Baina hemen ere, ez da berdina zein klasetakoa zaren, zein den zure azalaren kolorea, zein zure sexu generoa, zein zure erlijioa, zein zure bizi gogoa.
Itxaroteren eta arriskatzearen arteko oreka maisuki islatu du Cambordak; elquesabe daki nola jolasten den ezkutaketetara, zer den esku hutsik eraikitzea bizi berri bat. “Ikusten al duzu hori?”, galdetzen dio iheslari beltzak: “Hori jada ez da existitzen. Orain existitzen dena hau da”. Bizitza atzean utzi behar da, bizitzearen alde.
Bizitza berri bat eraiki beharra. Noren kontra, eta noren alde? Eta, batez ere, noren erruz? Miseriak erantzuleak dituela ezin dugu ahaztu. Miseria salatzearekin batera salatu behar da oparotasunaren jabetza pribatua. Edertasuna, eta bizitza bizigarria, guztiontzat izan dadin.
71. Zinemaldiko Sail Ofizialak badu, jada, saritzeko kontsentsuzko filma.