Arrats elkartea sarituko dute, «presoak birgizarteratzearen alde egiten duen lanagatik»
Arrats elkarteak Francisco Javier Gomez Elosegi saria jasoko du presoak birgizarteratzearen alde egiten duen lanagatik. Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikoetako Sailak ematen du saria.
Arratsek “behartsuenekin” egindako ibilbidea goraipatu du epaimahaiak erabakia argudiatzeko orduan, baita espetxeetako birgizarteratzearen inguruko programetan egindako lana ere. Epaimahaiaren ustez, Arrats elkartea “zigortuen bizi-baldintzak duintzen saiatzeagatik” nabarmendu da. Urriaren 2an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Tabakaleran.
Donostian, elkarteak kudeatzen ditu baztertuta dauden pertsonentzako eguneko arretarako Hestia zerbitzua eta Altza-Larratxo, Loiolako Erribera, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoetako gizarte zerbitzuetako zentroetan gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen eta familien laguntza zerbitzuak.