Bagerak eta euskaltegiek elkarlanean sustatuko dute Mintzalaguna egitasmoa
Bagera Euskaltzaleen Elkarteak, Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Donostiako euskaltegiek –AEK, Hitzez, Ilazki, Legazpi 6, Urrats eta Urumea-Altza– lankidetza hitzarmena sinatu dute asteazken goizean, aurtengo Mintzalaguna egitasmoa elkarlanean sustatzeko, urteroko legez.
Bagera elkarteak azaldu duenez, euskaltegien zein Bageraren beraren lana beharrezkoak dira “euskalduntze prozesua hasi eta arrakastaz bukatu nahi duen orori euskara bere bizitzan txertatzeko aukerak eskaintzeko”.
Horrela, euskararen normalizaziorako bidean, euskaraz ez dakiten herritarrek hizkuntza ikasteaz gain, “euskal komunitatean integratu behar dira”, Bagerak nabarmendu duenez. Hain zuzen ere, Mintzalaguna egitasmoa horretarako tresna baliagarria dela deritzote sinatzaileek. Igandean (urriak 1) irekiko dute egitasmoan izena emateko epea, eta urriaren 20ra arte egongo da zabalik, Mintzalaguna.eus webgunean.