Elena Martinen 'Creatura' filmak irabazi du San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission saria
Elena Martinek zuzendutako Creatura ikus-entzunezko produkzioak irabazi du San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission XII. saria. Vilaüt Films, Lastor Media, Avalon eta Elástica Films ekoiztetxeek ekoiztu dute, Barcelona Film Commission, Catalunya Film Commission, Garraf Film Commission eta Maresme Film Commissionen lankidetzarekin.
Maialen Beloki Donostiako Nazioarteko Zinemaldiaren zuzendariordeak, Marta Nieto zinema zuzendariak eta Yon Gonzalez aktoreak osatutako epaimahaiak entregatu du saria, eta ikus-entzunezkoa filmatu den ingurunearen esentzia antzemateko zehaztasuna eta emakumeen eta sexualitatearen gai sozialei heltzeko zintzotasuna baloratu dituzte epaimahaikideek.
Clara Roquet da Creaturaren koidazlea eta pelikula Zinemaldiko Ikusmira Berriak egonaldi programaren parte izan da. Milaren historia kontatzen du: bikotekidearekin etxe berrira bizitzera joan ondoren, bere desira sexualaren galeraren zergatia bere baitan dagoela konturatu da. Handik aurrera, bere haurtzaro eta nerabezaroko esperientziak gogoraraziko dizkion bidaiari ekingo dio, bere gorputzarekin bakeak egiteko itxaropenean. Produkzioak Europako Film Onenaren saria jaso zuen 2023ko Zuzendarien Hamabostaldian, Canneseko Zinemaldian.
7.000 euroko saria Elena Martin zuzendariak jaso du, Donostia Sustapenaren San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission erakundeak Maria Cristina hotelean antolatu duen galan. Ekitaldian, epaimahaikideez eta sarituez gain, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariak egon dira, baita ikus-entzunezko sektoreari lotutako beste erakunde batzuen ordezkariak ere.
Elena Martinek “oso pozik” hartu du saria, “batek lurraldetik idazten duenean eta espazioak pertsonaia bihurtzeko aukera ematen duenean, ingurua nola filmatu funtsezkoa delako: itsasoa, herria eta kaleak, olatuen aurka marruskatzen duten labar harritsuak”.