Elkarrekin Donostiak aktibo ekonomikotzat hartu nahi ditu hiriko berdeguneak
Koalizio morearen ustez zenbat eta hiri-baso gehiago izan, hiria are eta aberatsagoa da, eta, horregatik, beharrezko ikusten dute horren balioa kuantifikatzea. Victor Lasa bozeramaileren ustez, garrantzitsua da faktore horiek kontuan izatea “herritarrek argi eta garbi ikus dezaten zuhaitzak eta berdeguneak aktibo ekonomiko garrantzitsuak direla”. Horiek horrela, Melbournen edota Seulen indarrean duten neurgailu sistema Donostian ezartzea proposatzen dute, eta parametro hauek hartu nahi dira kontuan: zuhaitzen adina, CO2 xurgatzeko gaitasuna, airearen poluzioa garbitzea edo trafikoaren zarata murriztea, sortzen duten itzala edota osasun publikorako izan ditzakeen ondorio onuragarriak, besteak beste.
Sistema honen bitartez, zuhaitzen mozketak edota berdegune baten suntsipenak duen kostua mahai gainean jarriko litzateke, eta moreen bozeramailearen iritziz, udalak bizpahiru aldiz pentsatuko luke non eraiki: “Bada garaia Donostiak bere zuhaitzei dekorazio-elementuak balira bezala begiratzeari utz diezaion, eta, batez ere, garaia da udal honek zuhaitzak mozteari eta berdeguneak kentzeari utz diezaion, baliorik ez balute bezala”.
Ildo beretik, sistema hori berehala aplika dadin eskatzen du Lasak, Manteoko Basque Culinary Center egoitzak edo Donostiako Ospitale eremuan eraikiko den aparkaleku berriak ingurumenean izango baitute eragin. “Manteon berdegune bat ordezkatuz gero, kalkulatu beharko litzateke zenbat diru erabiltzen ari den berdegune hori kentzeko, eta nola konpentsatuko den zuhaitz eta berdegune moduan”, gaineratu du.