Etxetik kanpoko lehenengo garaipenaren bila
Derbia da aste honetako zitarik garrantzitsuena, baina larunbatera aho zapore onarekin iristeko, Valentziaren aurka emaitza on bat lortu behar da gaurkoan. Imanol Alguacilen taldeak 21:30ean jokatuko du Mestallan, eta etxetik kanpoko lehenengo garaipenaren bila joango dira.
Izan ere, bi neurketa jokatu dituzte txuri-urdinek etxetik kanpo orain arte ligan: Las Palmasen aurkakoa eta Real Madrilen aurkakoa. Lehenengoan hutsean berdindu zuten, eta bigarrenean 2-1 galdu zuten; hirugarrenean iritsi beharko da, beraz, garaipena.
Valentzia Realaren gainetik dago ligako sailkapenean (seigarren sailkatua da, eta Reala zortzigarrena–, baina talde donostiarra eroso sentitzen hasi da zelaian, eta bere joko onena berreskuratzen ari da pixkanaka, Real Madrilen eta Inter Milanen moduko aurkari handien aurka partida handiak eginda. Horrela, errotazioren bat egin badezake ere, litekeena da Alguacilek bere konfiantzazko jokalari gehienak zelairatzea, ligako sailkapenean postuak igotzen jarraitzeko helburuarekin.
Bera Bera nagusi Gijonen
Eskubaloian, Bera Berak ligako zortzigarren jardunaldiko partida aurreratua jokatu zuen atzo Gijonen etxean, eta asteburuko porrotaren aho zapore txarra kendu zuen. Izan ere, indartsu atera ziren donostiarrak kantxara, eta argi gailendu ziren, 23-36 irabazita.