Lankidetzarako eta gizarte eraldaketarako laguntzak onartu ditu udalak
Tokiko Gobernu Batzordeak laguntzak onartu ditu garapenerako lankidetzarako, batetik, eta sentsibilizaziorako eta gizarte eraldaketarako, bestetik. Lehenengoari dagokionez, 22 proiektu babestuko dira, gehienak Abya Yalan, baina baita Afrikan eta Asian ere. Komunitateen indartzea, emakumeen ahalduntzea, giza eskubideak eta elikadura subiranotasuna lantzeko proiektuak dira, besteak beste.
Sentsibilizaziorako eta gizarte eraldaketarako hezkuntzarako, bestalde, hemezortzi egitasmo babestu dira. Udalaren esanetan, proiektu guztiek modu transbertsalean eta estrategikoan lantzen dute emakumeen ahalduntzea eta tokiko erakundeen parte hartzea.
Orotara, 1.433.111 euro bideratuko dira egitasmo horietara guztietara.