Pako Sagarzazuk bart jaso du Zinemira saria
'Sultanaren ametsa' filmari 2023ko euskal gidoirik onenaren saria eman zioten.
Atzo iluntzean egin zen Euskal Zinemaren Gala, 71. Zinemaldiaren barruan. Bertan, Pako Sagarzazu (Herrera, 1940) izan zen protagonista nagusietako bat, Zinemira saria jaso baitzuen. Hala, azken 40 urtean egindako lanaren aitortza jaso zuen Sagarzazuk. Horren harira, hedabide honek Sagarzazuri egindako elkarrizketa zabala argitaratu zuen joan den astean.
Ane Gabarain aktorearen eskutik jaso zuen saria Sagarzazuk. Gabarainek esker oneko hitzak izan zituen Sagarzazurentzat: “Beti hor, apal-apal. Zure moduko aktoreek eta pertsonek gure ofizioa eramangarriago, atseginago eta politago egiten laguntzen duzue”.
Saria jasotzerakoan, gurasoak izan zituen gogoan Sagarzazuk, aktore izateko “nahikoa inspirazio” emateagatik, eta berriki hildako bi lagunekin elkarbanatu nahi izan zuen saria: Karmelo Moreno eta Felipe Alberdi. “Artearekin, kulturarekin eta euskal jendartearekin konprometituak”, esan zuen.
‘Sultanaren ametsa’, 2023ko euskal gidoirik onena
Bestalde, Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa animaziozko filmak 2023ko euskal gidoirik onenaren saria jaso zuen galan. Herguerak aipatu zuen gidoia “oso modu askean” sortu zela, “zuhaixka basati baten moduan”, eta eskerrak eman zizkien filmaren ekoizleei, “une oro babesteagatik”.
Galako beste saritu bat Estibaliz Urresola izan zen. Arabarrak Egile Berriak saria jaso zuen 20.000 especies de abejas filmarengatik. Estreinakoz eman dute sari hori, eta Urresolak euskal industriaren “ekosistema” eta hura defendatu beharra aipatu zituen hitzaldian: “Talentua fruitu bat da, eta fruitu bat loratzeko baldintza asko behar dira: eguzkia, euria, lurra elikatuta egotea, eta abar. Ekosistema hori hainbat eragilek babesten dute, eta horren fruitu bat naiz ni. Baina, babesik ezean, kimuak baino ez ginateke izango, eta ahitu egingo ginateke. Beraz, ernal dezagun lurra”.