Turistifikazioaren aurkako hainbat jarduera eta mobilizazio egingo ditu Bizilagunekin plataformak urrian
Hitzaldiak, mahai inguruak eta kaleko ekintzak egingo dituzte hilabete osoan zehar, eta urriaren 22an turistifikazioaren aurkako manifestaziora deitu dute.
Gaur, irailak 27, Turismoaren Nazioarteko Eguna da, eta egun hori Turismoaren Kolapsoaren Eguna aldarrikatzeko baliatzen dute urtero Donostiako Bizilagunekin plataformak eta Europako beste hainbat hiritako turistifikazioaren aurkako plataformek (SET sarea osatzen dute denek). Horrela, Turismoaren Kolapsoaren Egunetik abiatuta, Bizilagunekin-ek Turistifikazioaren Aurkako Urria egitasmoa antolatu du Donostian, eta hilaren 22ko manifestazioa izango da jarduerarik garrantzitsuena; 12:00etan abiatuko da, Alderdi Ederretik. Manifestazioaz gain, urrian zehar hitzaldiak, mahai inguruak, kaleko ekintzak eta bestelako jarduerak antolatuko dituztela iragarri dute, eta deialdiak hemen argitaratzen joango dira.
Desazkunde turistikoa da Bizilagunekin plataformaren helburu nagusia, eta horren beharra aldarrikatuko dute Turistifikazioaren Aurkako Urrian: “Gure gizartea lehenbailehen desazkunde turistikorantz bideratzea premiazkoa da, ikuspegi ekologiko, ekonomiko, kultural eta sozialetik etorkizunarekiko arduratsuak baldin bagara. Hamaika talde ari gara bizilagunen eskubideak, gure lurraldeak eta gure bizitzak defendatzen denetariko elkarte eta taldeetan antolatuta. Ez ditugu gure hiriak galdutzat emango; elkartasunean saretzen, ezagutzak trukatzen eta elkar laguntzen jarraituko dugu borroka beraren parte garelako”.
Urrian, gainera, sektore turistikoaren bi egitasmo handi antolatu dituzte Donostian: urriaren 5ean Munduko Turismo Erakundearen Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa hasiko da Donostian, eta, urriaren 23an, Espainiako Estatuan turismoa sustatzen duten erakunde publiko eta pribatuak bilduko dira Turespaña konbentzioan Donostian. “Nazioarteko eta estatuko ekitaldi hauek gure hirian egitea ez da kasualitatea. Azken urteotan turismoaren jardueraren bidez negozioak egiteko gune gisa nabarmendu da Donostia estatuan eta nazioartean. Turistifikazioari barra libre eman zaion garai honetan, gure hiriak denetariko inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri ditu. Donostiarrak kokoteraino gaude, eta ez dira ongietorriak”, nabarmendu du plataformak.
Turistifikazioak herritarren bizitzan eragin eta kalte zuzenak dituela gogorarazi dute Bizilagunekin-ekoek: “Ikusi dugu Donostiako kaleak nola bete diren, nola eraldatu den hiri espazioa turismo negozioen mesedetan, garestitu direla kontsumo prezioak bertako biztanleen gaitasun ekonomikotik urrunduz, auzo batzuk bizitoki gisa zailtzen doazela eta bisita leku soil bihurtzen, etxebizitzaren prezioak garesti izatetik ordainezin izatera pasatu direla, naturaguneak atrakzio bihurtzeko proiektuak aurrera doazela, turistak erakartzeko ekitaldiek markatzen dutela hiriko agenda, merkataritza txikia hilzorian dagoela eta ehunka donostiar, beren bizi proiektua beren hirian gauzatu ezinik, kanporatuak izan direla”. Eta, hori guztia erabaki politiko eta ekonomiko jakin batzuen ondorio bat dela nabarmendu dute: “Hiriak turistifikazio bortitza bizi du eta hori ez da zerutik eroritako gertaera; erakunde publikoak turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara daude”.
“Antzerkiari ekin diote”
Erakunde publikoek “turismoaren hazkundeak eragindako kalteak ukatzen zituzten, hasieran. Donostiarrak erabat kezkatuta eta gogaituta daudela ikusi dutenean, ordea, antzerkiari ekin diote”, salatu du plataformak. Horrela, azken hilabeteotan turismoaren inguruan hartutako neurriak ez dira nahikoa, Bizilagunekin-en ustez: “Etxe turistikoen eta hotelen irekiera erregulatu dute, gehiago ireki daitezen ateak zabalik utziz. Tasa turistikoaren inguruan bueltaka jarraitzen dute, ezkutatuz zertarako baliatu nahi duten bildutako dirua eta aitortu gabe ez lukeela turisten etorrera gutxituko. Desestazionalizazioa eta deszentralizazioa saldu nahi dizkigute formula magiko gisa; baina denok dakigu neguko turista kopurua handitzeak ez duela udako kopurua txikitzen eta Loiolan ostatu hartzen duten turistek ere Parte Zaharra eta Kontxa bisitatzen dituztela”.
Horrela, “neurri eraginkorrak” eskatu ditu desazkunde turistikoaren aldeko plataformak: “Promozio turistikoa zerora murriztu behar da, etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatu, etxe turistiko eta hotel gehiago irekitzeko aukerak ezabatu behar dira eta gaur egun eskaintzen direnak murrizteko prozesua martxan jarri, ondare natural eta arkitektonikoaren babeserako neurriak indartu eta blindatu behar dira, espazio publikoa bertakoen bizitzen beharretara egokitzeko eraldatu behar da, auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko eta errazteko politikak gauzatu behar dira, eta abar”. “Desazkunde turistikorantz bideratu ezean, turistifikazioak sortzen dituen kalteek handitzen, iraunkortzen eta atzera ezinezko bihurtzen jarraituko dute”, gaineratu dute.
Horrela, Turistifikazioaren Aurkako Urriko jardueretan eta mobilizazioetan parte hartzera animatzeaz gain, “hiriko hamaika talde, elkarte eta plataformatara hurbiltzera eta bertan parte hartzera” animatu dituzte donostiarrak, “indarrak batzeko eta Donostia berreskuratzeko”.