Bakardadea, zaintza eta heriotza
“Bakarrik ezin da, lagunekin bai”, “zaindu maite duzun hori”, “maita dezagun ondo”. Esaldi oso erabiliak dira, agian gehiegi, eta agian topiko kutsu bat ere badutenak, baina horrek ez du esan nahi arrazoia ez dutenik edo egiazkoak ez direnik. Horri buruzko hausnarketa plazaratzen du ostegun goizean Viktoria Eugenia antzokian proiektatu duten Chun Xing (Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang, 2023) film taiwandarrak –Zinemaldiko Sail Ofizialekoa da–.
Khim-Hok gizon heldua eta txiroa da protagonista, istripu baten ondorioz ageriko herrentasuna duena eta Taipeiko periferiako etxe batean bere emazte Tuanekin bizi dena. Khim-Hokek ez dauka semearekin harremanik aspalditik, eta Tuan emazteak urteak daramatza bera zaintzen. Tuanek bere bizitza eman du senarra zaintzeko, bere osasun eta bizitza propioa alde batera utzita, baina Khim-Hokek, eskertzetik urrun, ez du batere ondo tratatzen emaztea. Hain zuzen ere, euren arteko lehenengo kariñozko keinua filmaren erdialderaino ez da agertzen.
Tuan gaixorik dago, baina Khim-Hok zaintzen jarraitzen du. Egun batean, Tuanek eguna hirian pasatzen du, eta itzultzen denean, Khim-Hok zain dauka autobus geltokian. Etxera bideko eskailera amaigabeak igotzen ari direla, “zer esan dizu medikuak?” galdetzen dio senarrak emazteari –ustez, medikura joatekoa zen Tuan, baina ez da joan–, eta “indartsu nagoela, beste 30 urtez zaindu ahal zaitut”, erantzuten dio Tuanek. Emakumearen bizitza gizona zaintzera soilik bideratuta; fikziozko istorio bat? Egunen batean, akaso. “Besoak eta hankak dauzkat, ez dut behar zuk zaintzea”, dio Khim-Hokek, bakarrik norbait izango bagina bezala, ingurukoak beharko ez bagenitu bezala.
Tuan egun batetik bestera hil egiten da, eta Khim-Hoken mundua erori egiten da. Heriotzari aurre egin ezinik, izozkailuan sartzen du emaztearen gorpua, eta bere ustezko bizitza lasaiarekin jarraitzen du, noraezean, semea eta haren bikotekidea agertzen diren arte. Khim-Hokek orduan egin behar dio aurre Tuanen heriotzari, eta orduan gogoratzen da emaztearekin bizitako une polit eta zoriontsuez. Beranduegi.
Ur jausi batean aurkituko du Khim-Hokek bere babeslekua, baina Tuan jada ez dago. Bakarrik ahal zuela uste zuen, baina ezin zuen, inork ezin baitu. Ez zuen behar bezala zaindu maite zuen hori, maite zuen horrek bera zaintzeko dena eman bazuen ere. Eta ez zuen ondo maitatu. Esaldi oso erabiliak dira, agian gehiegi, baina horrek ez du esan nahi arrazoia ez dutenik edo egiazkoak ez direnik.