Borreroak baditu milaka aurpegi
Aitortzen dut filmari buruz ezer askorik irakurri gabe sartu nintzela zinema aretora: Ipar Euskal Herrian girotutako lana zela, eta fikziozko herri bat zuela oinarri, kontatzen ziren istorioak benetakoak ziren arren. Bueno, filmaren lehen proiekzioa zela ere banekien, eta proiekzioaren ondoren solasaldia egongo zela; horrek iradokitzen zidan saio berezia izango zela.
Film bat ikusterako unean, pentsatzen dut eragina izango duela zein aldartetan hasten zaren hura ikusten, eta ni Bizkarsoro haserre ikusten hasi nintzen. Ez filmarekin zerikusia duen ezerengatik. Lana proiektatu aurretik, iragarki bakarra bota zuten. Ez naiz ongi oroitzen, baina honelako zerbait zioela uste dut: “El ABC contra el cambio climático“. Tira, kontua da, iragarkiaren amaieran, nire harridurarako —uler bedi, haserrerako— honakoa esan zuela: “Gobierno Vasco, bien común“. Filma euskaraz zen, bertako parte hartzaileak Ipar Euskal Herrikoak —baita aretoa bete zuen publikoaren ehuneko handi bat ere—, eta benetan Eusko Jaurlaritzaren iragarkiak gaztelera hutsean izan behar zuela?
Haserre hasi nuen, bada, pelikula, baina are gehiago haserretu nintzen filmak, hain justu, gai hori jorratzen zuela ikusi nuenean: Bizkarsoron euskarak bizi izan duen aldaketa, herritar guztiak euskaldun elebakarrak izatetik ikastolen sorreraraino. 1914 eta 1982 urteen artean gertatutako bost istorio kontatzen ditu filmak, eta horietan argi ikusten da frantses hizkuntza inposatzeko Frantziako Estatuak egindako ahalegina, eta, tristea dena, baita emaitza ere. “Frantzia sortua zegoen, baina frantsesak falta ziren. Botere harreman horiek kontatu nahi izan ditugu”, aipatu zuen Josu Martinez filmaren zuzendariak proiekzioaren ondorengo solasaldian.
Haserretik amorrura pasatu nintzen filmaren zatirik handienean, baina hunkitzeko uneak ere baditu. Gertuko gaia zaigu euskaldunoi hizkuntzaren zapalkuntzarena, eta pixka bat sentiberak garenok oso erraz konektatzen dugu emozio dantza horrekin. Zapalkuntza horri aurre egiteko borrokan jarraitzeko, derrigorrezko zaigu esperantzari leiho bat irekita uztea, saminera kondenaturik bizi nahi ez badugu behintzat, eta hala uzten du filmak ere. Nabarmentzekoa da, solasaldian esan zuten moduan, euskara hutsean sortutako lana izan dela, kameren aurrean zein atzean.
Hegozentrismotik ateratzeko aukera eskaintzen du Bizkarsoro filmak, eta horregatik soilik jada merezi du ikustea. Zeharka bada ere, herri bat pelikula baten bueltan nola elkartu den ikusteko abagunea ere bada. Lanak Bizkarsororen historia kontatzen du—Martinezek adierazi zuen fikziozko herri bat aukeratzearen arrazoietako bat istorioak Baigorriri gehiegi ez lotzea izan zela—, baina Euskal Herriko herri askok partekatzen duten historia da.