Goiak EH Bilduren barkamen publikoa erreklamatu du, hauteskunde prozesua zalantzan jartzeagatik
Donostiako Udaleko osoko bilkuran, EH Bilduk pasa den ostiralean Ekialdeko Barrutiko batzarraren eraketan antzeman zuen irregulartasuna izan dute hizpide. Eneko Goiaren alkatearen ustez, “oso larria” izan zen pasa den asteko prentsa agerraldia eta “erabateko hanka sartzea” egin zuen koalizio abertzaleak, hauteskunde iruzurraren mezua zabaldu eta zalantzan jarri zutelako udal teknikarien lana: “Udal honetako teknikariei egindako salaketa da. Akats bat egin zuten, baina onartu eta zuzendu egin dute. EH Bilduk, ordea, hauteskunde prozesuaren garbiketari buruzko zalantza zabaldu nahi izan du”. Gauzak horrela, “modu pribatuan” egin duten moduan, publikoki ere “barkamena eskatzeko” esan dio Goiak Juan Karlos Izagirre EH Bilduko bozeramaileari.
Izagirrek, bere aldetik, adierazi du koalizio abertzaleak “irregularra den zerbait” ikusten dutenean salatu egiten dutela, baina ez dutela “inor akusatu” eta ez direla udal langileekin sartu: “Aurreko astean gertatutakoaren ondoren, udal langileekin egon ginen eta baita alkatearekin ere eta hau konpontzeko zer egin behar zen esan genion”. Ildo beretik, aurreratu du iniziatiba bat aurkeztuko dutela, ekialdean gertatutakoa ez errepikatzeko: “Hona irtenbideak ematera etorri gara, ez sua piztera”.
Udal ordezkaritzaren banaketa
EH Bilduren aburuz, gainera, ez da proportzionaltasun irizpidea errespetatzen udal ordezkaritzan, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, 2019an baino bi zinegotzi gehiago eta 3.000 boz gehiagorekin eta “ia parekatu” egin baitira jeltzaleekin. Banaketan, ordea, “hori ez da islatzen”, Ekialdeko Barrutiko lehendakaritzarekin gertatu den moduan, Zorroagan, edo Cristina Enea Fundazioan udal ordezkaritza gutxien dutelako, eta antzeko kontuak gertatu direlako “musika eta dantza eskolan, informatika zentroan, Donostia Kulturan…”. “Araudiak ezagutzen ditugu eta zilegia da, baina ez da emaitzak errespetatzea”, gaineratu du Izagirrek.