Martuteneko auzo elkartearen zuzendaritza berritu dute
Martuteneko Sarroeta auzo elkarteko zuzendaritza berritzeko hauteskundeak egin zituzten astelehenean, eta Martutene Anitza hautagaitzak irabazi zuen. Auzo elkarteak azaldu duenez, bi hautagaitza aurkeztu ziren hauteskundeetara, eta nabarmendu dute parte hartze “handia” egon zela eta bazkideak “laukoiztu” egin direla, 170 izatera iritsi arte.
Martutene Bizirik plataformak sustatutako hautagaitza da Martutene Anitza, eta auzoko zazpi eragilek osatzen dute: jai batzordea, ikastolako gurasoen elkartea, euskara batzordea, danborrada, Martuteneko gazteak, Martutene Kirol Elkartea eta Martutene Bizirik daude hautagaitzan.
Horrela, auzo elkarteak ohar baten bidez azaldu du “Zuzendaritza Batzorde berria talde guztien artean modu horizontalean” adostu dutela, eta horrela gelditu da: Maite Barron izango da presidentea, eta eragile bakoitzak ordezkari bana izango du: idazkaria Jose Javier Seco Txefo izango da, diruzaina Tania Manchado eta batzordekideak, Usoa Aragon, Mario de la Torre, Irantzu Iturzaeta, Mariapi Arratibel eta Alfonso Picabea.
Helburuak eta lan ildoak
Zuzendaritza hautatu berriak zenbait helburu eta lan ildo zehaztu ditu. Auzo elkartearen barruko funtzionamenduari dagokionez, helburu hauek ezarri dituzte: auzoko elkarte eta talde guztiak auzo elkartean ordezkatuta egotea; auzoko sentimendu kolektiboa, Martutenen bizitzearen harrotasuna eta zaintza kolektiboa sortzea eta indartzea; auzo elkarteak organigrama horizontal batean oinarritutako kudeaketa ereduarekin lan egitea; elebidunez jardutea eta auzoko gaiez arduratzen diren erakundeak interpelatzea: “Batez ere udala interpelatzea, harremanak eta komunikazio bideak zabalduz, auzoaren beharrak bete daitezen. Ez badute irtenbide egokirik ematen, ekintza plan bat planteatuko da, ahal dela, auzoko beste eragile batzuekin koordinatuta”.
Lan ildoei dagokienez, hauek landuko dituzte: harremanak hobetzea auzoko zein hiriko eragileekin; ikastetxearen inguruan bide segurtasuna eta oinezkoen eta bizikleten sarbidea bermatzea; gasolindegia, biribilgunea eta autobus geltokia hobetzea; tren geltokiko, agustindarren eraikin zaharreko eta Barkaiztegiko pasabideko (oinez eta kotxez) segurtasuna hobetzea eta eremuetan beharrezko esku hartzeak egitea; 27 industrialdearekin loturak hobetzea; auzoko zerbitzu publikoak handitzea eta hobetzea; Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren garapenaren jarraipena egitea eta beharrezko alegazioak aurkeztea; udalaren aurrekontu parte hartzaileetan parte hartzea; auzo elkartearen lokala eta espazioa berrantolatzea eta auzo elkartearen komunikazioa, gardentasuna eta komunikatzeko bideak hobetzea.