Matia kalea moztu du Ernaik, Zelaiari eta Barbadori elkartasuna adierazteko
Galder Barbadori eta Aitor Zelaiari lau urteko kartzela zigorra ezarri die berriki Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta hori salatzeko, ekintza bat egin du Ernaik ostegun iluntzean Antiguan.
21:00ak aldera, hainbat gazte, aurpegia tapatuta, Matia kaleko errepidera atera dira, eta kateekin lotutako pankarta bat jarri dute kalearen alde batetik bestera, baita ke bengalak jarri eta propaganda bota ere. Dbuseko autobus bat iritsi den unean itxi dute kalea, eta autobusean pegatinak jarri dituzte eta Aitor eta Galder aske leloa margotu dute.
Inguruan zebiltzan hainbat gazteren txaloak jaso dituzte, eta kalea hamar bat minutuz egon da itxita, Ertzaintza iritsi den arte; agenteak heldu direnerako, ekintza egin dutenak dagoeneko ez zeuden han. Pankarta kendu dute eta zirkulazioa irekita gelditu da berriz.
Alkateak gaitzetsi du
Eneko Goia alkateak “erasotzat” jo du gertatutakoa sare sozialetan: “Donostian ez dugu onartzen gure zerbitzu publikoei horrelako erasoak egitea. Batzuek garai zaharretan ainguratuta jarraitzen dute, hiri honetako gehienek garai horiek gainditu badituzte ere. Gure babesa adierazi nahi diegu erasoa pairatu zuten gidari eta erabiltzaileei”. Ildo beretik, Marisol Garmendia bigarren alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak ere gertatutakoa salatu du sareetan. Halaber, udaleko iturriek jakinarazi dute Dbusek salaketa aurkeztu duela Ertzaintzaren aurrean.