Trans memoria Zinemaldian: inor ez izatetik, txalotuak izatera... eta berriz ahanztura
1983ko Zinemaldia ez da 2023ko Zinemaldia. Lehen, adibidez, euskara gutxiago entzuten zen, eta, ez zegoen gauza guztiei ingeles izena jartzeko moda zatarrik –jaialdiaren izen ofizialari, demagun–. Polemikoak ziren, eta jendeak begi onez ikusten ez zituen filmek bazuten lekua. Tartean, LGTB problematikek, esaterako. Egun beharrezkotzat jotzen ditugunak, garaian haserrea eta mespretxua jasotzen zuten prentsaren aldetik.
Hori izan zen, duela 40 urte, Vestida de azul dokumentala (1983, Antonio Gimenez-Rico). Zinemaldian estreinatu zen Espainiako emakume transen errealitatea islatu nahi izan zuen filma. Prentsak gogor kritikatu bazuen ere, publikoak oso ondo baloratu zuen; hala erakusten dute Zinemaldiko artxiboetako irudiek.
Mahaiaren bueltan elkartu dira gaur, Tabakaleran, dokumentalaren urteurrenean, Zinemaldiaren trans memoria eztabaidatzeko. Dokumentaleko protagonistetako bat izan zen Nacha Sanchez emakume transexualak hartu du parte hitzaldian, baita Veneno serieko aktorea den Lola Rodriguez, serie bereko gidoigile Ian de la Rosa, eta Julen Zabala, EHGAMeko militantea.
Francisen erailketa eta lehen harrotasun eguna
Zabalak jarri du abiapuntua, oroituz nolako giroa zegoen 1983. urtearen aurretik Donostian. “Francisen erailketara joan behar dugu lehenik”, esan du Zabalak. Errenteriako trabestia zen Francis –”Emakumez jantzitako gizona”, garaiko prentsaren arabera–, eta polizia batek hil zuen tiroz. “Hor izan ziren gay eta lesbianen ikusgarritasuna zuten Donostiako lehen manifestazioak, eta hor abiatu zen mugimendu zabalago”.
Beste gauza askoren artean, Zabalak kontatu du Zinemaldiarekin harremana egiten hasi zirela EHGAMekoak Comision de Barrios y Pueblos-ekin, eta, hainbat auzotan saiatzen ziren LGTBI edukiak zituzten filmak proiektatzen. Testuinguru horrek –Zinemaldi herrikoiagoa izatea, eta A klaseko kategoria galdu izana–, baimendu zuen Vestida de azul estreinatzea, eta ikuslegoaren babesa izatea. Ez, ordea, prentsarena, ezta botere politikoarena ere.
“Beste gauza garrantzitsu bat: proiekzio guztiak Viktoria Eugenian egiten ziren, eta, guk, EHGAMekook, Guria tabernan egiten genituen bilerak, Viktoria Eugenian zegoen tabernan”, kontatu du Zabalak. Festan ere, La Goteran ateratzen ziren LGTBI komunitatekoak, hor bertan. Akaso irudituko du ez dela garrantzitsua, baina iruditzen zait hiriaren banaketak eta gauzak non gertatzen diren jakiteak laguntzen duela ulertzen. Espazioen banaketek baimentzen dituzte loturak.
Zabalaren anekdotek beste Zinemaldi bat erakutsi dute –Bixente Ameztoy poxpoliñez jantzita, pinu hostoak kokatzen, pinuaren monolaborantzaren kontra, Orquesta Mondragonekoak antzokira kantuan sartuz, euren diskoa promozionatzeko…–. De la Rosak eten egin dio: “Barkatu, baina hau guztia kontatuta… Zinemaldia apur bat atzerakoia bihurtu da, beraz, ezta?”. Zabalak testuingurua gehitu du. “Baina, bai; lehen punkyagoa zen, eta gaur egun Zinemaldia ez da batere punkya”.
Txaloak trabestientzat
Gaira itzuliz, hitzaldiko hunkigarriena izan da Sanchezen hitzartzea. Hunkiduraz gogoratu du duela 40 urteko estreinaldia: “Guk ez genekien zer ari ginen egiten. Ez ginen konturatu publikoari gure bizitzak erakusten ari ginela”. Horrek txaloak ekarri zituen, baita irainak eta txistuak ere, han-hemenka.
Baina estreinaldiaren unean iltzatu da Sanchez. “Pelikula amaitu zenean, fokuak gu argitu, eta 10 edo 15 minutuko txalo zaparrada bat jaso genuen. Harrigarria izan zen. Inor ez izatetik, txalotuak izatera pasatu ginen”, kontatu du malko artean, Tabakalerako aretoak txalo zaparrada eskaini dion bitartean.
De la Rosak eztabaidaren maila igo du, eta hainbat galdera planteatu ditu. Onartu du, berak ere, ez zuela filma ezagutzen: “Nola da posible ni transa izanik, ez ezagutzea film hau?”. Eta gogoeta findu du: “Ikusi ditugun artxiboko irudietan jendea pozik zegoen, eta transen errealitatea ez zuela ezagutzen onartzen zuen. Badirudi aldatu egingo dela, argiune bat izango dela. Baina errealitatea da ezetz; 40 urtera film hori ahanzturan erori dela. Zergatik gertatzen da hori?”.
Trans memoriaren ezezagutza arbuiatu du de la Rosak, eta galdera bat ireki du: “Nork kontrolatzen du kontakizuna?”. Izan ere, Vestidas de azul filmean, transexualitatera egiten den hurbilketa “pikardiatik” egin dela salatu dute. Pikardiatik baino, morbo puntu batetik egin dela dirudi, trans pertsonen alderdi gatazkatsuenak erakutsiz. De la Rosaren arabera, transen bizitzak pantailara eramaten ari diren arren, soili “trans gatazkan” zentratzen dira: “Hau da, transitoa egin dutenen identitate gatazkan kontatzen da. Baina askoz gehiago dago”.
Argi dio gidoigile eta zinemagileak: “Trans pertsonak ez gara gure historia kontatzen ari. Utzi iezaguzue ez dakizuena kontatzen”.