Begi jakin batzuekin ikusteko filma
Gaur Victor Erizeren eguna izango da Zinemaldian, iluntzean jasoko baitu haren ibilbide profesionala goraipatuko duen Donostia Saria. Bere azken filma esku artean duela iritsiko da Donostiara, Cerrar los ojos (2023). Aktore baten (Jose Coronado) desagertze misteriotsua kontatzen du filmak, handik urte batzuetara berriro gaurkotasuna irabaziko duena.
Ia hiru orduko lanean, Erizek lortzen du ikuslea kutsu ilun eta misteriotsu horren parte sentitzea —estetikoki ederra da, hori ezin zaio ukatu—, baina ez dakit zein puntutaraino filmaren iraupenak eta abiadurak zeresana duten horretan, eta ez horrenbeste lanaren argumentuak. Izan ere, tramak ez nau askorik konbentzitu: itzulinguru gehiegi, kontatu nahi zuena kontatzeko.
Gainera, uste dut zenbait unetan ez dela errealista: desagertu den aktorearen alabaren rola (Ana Torrent), esaterako, ez zait sinesgarria egin. Generoari dagokionez, filmak ez du ekarpenik egiten, eta uste dut aukerak eduki bazituela —pelikulak 30 urteko tartea hartzen du bere baitan, baina denak garai berekoa dirudi, eta ez bereziki gaur egungoa—. Filmeko protagonistak (Manolo Soto) egiten dituen mugimendu batzuk ere arraroak egin zaizkit, koherentzia askorik gabeak.
Agian, begi jakin batzuekin ikusteko filma da Erizerena.