Bihar amaituko da hondartza denboraldia
Iraila amaitzearekin batera bukatuko da hondartza denboraldia ere. Aurtengoa karabela portugesek baldintzatutako urtea izan da —300 ale inguru erretiratu dira—. Horiek direla eta, zenbait egunetan galarazita egon da hiriko hondartzetan bainatzea, baina udalak nabarmendu du “erantzun egokia” eman diola “erregistratutako egoera bakoitzari”.
Egoera horrek eraginda, eta egun eguzkitsuen kopurua iaz baino apalagoa izan delako, mota guztietako hondakinen kopurua gutxitu da: orotara, 422,8 tona zabor bildu dira Donostiako hondartzetan, 2022an baino 95,6 tona gutxiago. Salbamendu eta sorospen zerbitzuak ere gutxiagotan esku hartu behar izan du, baina iaz baino ebakuatu gehiago egon dira.
Era berean, gogoratu behar da irail hasieran pitzadura bat agertu zela Ondarretako horman, eta hori konpontzeko lanetan ari da udala. Hondartza denboraldia bukatuta, urriaren 1etik 2024ko maiatzaren 31ra arte txakurrak sartu ahalko dira berriro hondartzara.