Euskaraz eroso eta lasai, Donostiako saltokietan
'Euskaraz barra-barra' marka aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak. Marka berri honek merkataritzan eta ostalaritzan euskaraz hitz egiteko guneak identifikatzen ditu.
Donostiako 1.132 establezimendu animatu dira Euskaraz barra-barra markarekin bat egitera, saltokietan bezeroek euskaraz lasai hitz egiteko aukera izan dezaten. Horrela, duela hainbat hilabetetik, saltokien sarreran pegatina gorriak dituzte itsatsita marka honekin bat egin duten tabernek eta dendek, bezeroek berehala identifikatu ahal izateko.
Kontsumitzailea erdigunean jarri, eta estres linguistikoa murrizteko helburuarekin jarri dute martxan marka hau, baina beste helburu batzuk ere baditu: euskararen erabilera sustatzea, merkataritzaren sektorean eraginez, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu eta bermatzea, eta euskararen biziberritzearen inguruan, kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzea.
Donostiako establezimenduek konpromiso irmoa adierazi dute marka berri honekin, eta argi eta garbi dute zergatik erabaki duten markarekin bat egitea. Erdialdeko Elkano 1 gaztaguneko Maite Rosoren arabera, beraien bezeroen erdiak baino gehiagok euskaraz egiten dute egunero. “Donostian, jendeak euskaraz hitz egiten du. Guri atentzioa ematen digu, izan ere, jendeak esaten du Donostiako saltokietan ez dela euskaraz hitz egiten, baina gurean ez da hori gertatzen”, nabarmendu du Rosok.
Elkano 1 gaztaguneko lantaldean lau pertsona dira, eta bat kenduta, beste guztien ama hizkuntza da euskara. Horregatik erabaki zuten Euskaraz barra-barra-n parte hartzea. “Gure komunikazio gehienak euskaraz egiten ditugu, sare sozialetan gaztelania pixka bat sartzen dugun arren. Hala ere, gehienbat euskaraz komunikatzea gustatzen zaigu. Hemen, dendan, etiketa guztiak euskaraz ditugu, bertako ekoizleak defendatzen ditugu, ekoizleak euskaldunak dira, eta euskaraz hitz egiten dute. Beraz, horrela komunikatzen gara eta bezeroek ere eskertzen dute hori”, azaldu du Rosok.
Egiako Apal estudioko Jexux Mari Romerok ere baieztatu du bezero euskaldunak badirela Donostian. “Bi bazkide gara, bat euskalduna eta bestea ez, baina, normalean, euskaraz egiten dugu lan. Edo, behintzat, aukera hori eskaintzen dugu”, azaldu du Romerok.
Apal estudioko atean ere Euskaraz barra-barra markaren pegatina jarri dute, “jendeak jakin dezan hemen euskaraz egin dezakeela, eta horretarako eskubidea baliatu dezakeela gurean”. Romeroren arabera, euren bezeroen ehuneko altu bat euskalduna da. “Era berean, gertatzen da bezeroak gaztelaniaz hasten direla ez dakitelako gu euskaldunak garela, baina nik euskaraz egiten badiet, euskarara pasatzen gara, gazteekin gehienbat”, nabarmendu du.
Parte Zaharreko Zapore Jai gourmet denda ere euskara bultzatzeko asmoz batu da egitasmora. “Ni euskalduna naiz. Nire senarra ez, baina berak ere hitz egiten du euskaraz, eta horregatik erabaki genuen parte hartzea. Jendearekin euskara erabili nahi dugu, erabilera ez galtzeko behintzat”, nabarmendu du Aurkene Etxaniz jabeak. Normalean, denda horretan ingelesez eta frantsesez egiten dute, Etxanizen arabera, “kanpoko jende asko” joaten delako, baina lortzen dute bezero euskaldunekin euskaraz egitea: “Bezero euskaldunak etortzen badira, gaztelaniaz hasten dira, beraz, guk ez dakigu euskaraz dakitenik. Hitzen bat euskaraz egiten badute, nik esaten diet badakidala euskaraz, eta orduan hasten gara euskaraz hizketan”.
Pegatina gorria, laguntzazkoa
“Euskararen alde delako erabaki genuen kanpainan parte hartzea”, azaldu du Altzako Inaxio harategiko Inaxio Etxeparek. Harakinaren arabera, Altzan “gutxi” hitz egiten da euskaraz, eta uste du horrelako markek laguntzen dutela euskara bultzatzen, “pixka bat bada ere”. “Kanpaina honetan parte hartzen ari garenetik, agian jende gehiagok egiten du euskaraz lehenbiziko hitza. Atean pegatina jarri genuenez, agian, aldaketa hori nabaritu dugu pixka bat, baina oso gutxi hitz egiten da euskaraz hemen”, nabarmendu du Etxeparek.
Parte Zaharreko Eko Tolosa frutategiak ere atean itsatsita dauka Euskaraz barra-barra jartzen duen pegatina gorria. Bertako Angela Uranga langileak azaldu duenez, “euskarari laguntzeko” erabaki dute parte hartzea. “Iruditzen bazait bezero bat euskalduna dela, nik euskaraz egiten diot. Baina, bestela, gaztelaniaz egiten dugu, ingelesez ez dakidalako”, azaldu du Urangak. Etxeparek bezala, Urangak ere uste du atean pegatina dutenetik jendeak gehiago hitz egiten duela euskaraz frutategian. “Nabaritzen da baietz. Sartzen direnean, askok lehen hitza euskaraz egiten dute behintzat. Gainera, badakite ni euskalduna naizela, eta ahaleginak egiten dituzte nirekin euskaraz egiteko; baita kanpoko jendeak ere, pentsa”, adierazi du.
Udaleko Euskara Zerbitzuaren bisitak
Udaleko Euskara Zerbitzuak bisitak egin ohi ditu Donostiako merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan, beraien zerbitzuen katalogoa aurkezteko. Aurten, urrian eta azaroan egingo dituzte bisita horiek, iaz Euskaraz barra-barra markarekin bat egin zuten establezimenduetan. Horrez gain, Parte Zaharreko eta Groseko establezimenduak ere bisitatuko dituzte, eta iaz animatu ez zirenek, Euskaraz barra-barra markarekin bat egin ahal izango dute.