Kafe tertulia bat antolatu du Intzirik iganderako, Baterajotzera begira
Euskal Herriko Neska* Gazteek Baterajotzea egitasmoa antolatu dute urriaren 13tik 15era Usurbilen, neska* gazteen talde bakoitzak dituen “proiektuak partekatzeko eta Azaroaren 30ean antolatuko den greba feminista orokorraren inguruan hausnartzeko”. Baterajotze horri begira jarri dira Donostiako Intziri neska* gazteen taldeko kideak, eta kafe tertulia bat antolatu dute igande honetarako (urriak 1). 11:30ean izango da, Parte Zaharreko Arrano elkartean.
Ikasturtea hasi denetik, Donostian bizi ditugun distopiak eta problematikak azaleratzen ari gara sare sozialen bitartez, hala nola, etxebizitzaren gaia, gazteok Donostian bizitzeko ezintasuna, neska* gazteoi zaintza lanei lotuta egozten dizkiguten lan prekarioak, haurren zainketa, edertasun kanona, puntu beltzak, eta abar. Honen aurrean, eraldaketa posible delako eta neska* gazteok alternatibak sortzeko gaitasuna dugula argi geratu delako, gu Baterajotzera goaz, ditugun ideiak eta proiektuak elkarbanatzeko; utopiak sortzeko”, azaldu dute Intzirikoek.
Hain zuzen ere, Baterajotzean egingo dituzten jardueretako bat hainbat neska* gazte talderen arteko mahai inguru bat izango da, eta Intzirikoek parte hartuko dute bertan: “Honen guztiaren inguruan informatzeko eta guk Donostian detektatu ditugun problematiken inguruan hausnartzeko”, antolatu dute aipatu kafe tertulia, azaldu dutenez.
“Guk argi dugu Baterajotzearen ostean ez dela dena bukatuko eta bestelako mundu bat eraikitzen jarraituko dugula. Donostiko neska* gazteok gure utopiak eta alternatibak eraikitzen eta Donostiko problematikak lantzen jarraituko dugu, puntu beltzen proiektuaren moduko bestelako lanketak eginez. Bide horretan, erronka garrantzitsu bat izango dugu greba feminista orokorra, eta Donostian jada honen antolaketarekin hasiak gara”, gaineratu dute.