Kaiko etxebizitzak, hogei urtez kolokan
Kaiko etxe altuetako bizilagunek hogei urte daramatzate hamasei etxebizitza berri izango dituen eraikinaren esperoan. Administrazioaren utzikeriak eraginda, "egoera penagarrian" bizi direla salatu dute bizilagunek, eta ezinbesteko ikusten dute proiektua berrabiaraztea.

Kaiko goialdean dauden etxebizitzak paraje ederrean daude, eta edonoren gustukoak lirateke, bizilagunen bizi baldintzak ezagutuko ez balituzte. Etxebizitzek, gainera, traba handiak dituzte adineko pertsonentzat, irisgarritasun trabak direla eta: kaiko lehen tabernatik abiatuta, eskailerak hartu behar dira goranzko bidean, tabernako komunak atzean utzi behar dira, lehenik, goian dagoen beste etxebizitza bat pasatu eta pare bat hesi zeharkatu behar dira ondoren.Azken hogei eskailerak igota iristen da kaiko zazpigarren eta zortzigarren portaletara. «60 eskailera baino gehiago dira orotara» dio Irenek (ez dira elkarrizketatuen abizenak aipatuko, pribatutasuna mantentzeko). Egun, Urgull mendiaren magalean bizi diren hiru pertsonetako bat da bera. Pasa den urtera arte, amarekin bizi zen 61 urteko emakumea, eta pena ematen dio etxebizitza berria berarekin batera estreinatzeko aukera ez izanak: «Ez du etxe berria ikusteko aukera izan, eta egoera penagarri horretan bizi ditu azken urteak».
Proiektu amaigabea
Ireneren amak, beste hainbat bizilagunek bezala, kaiaren goiko aldeko eraikinak ordezkatzeko proposamena jaso zuen 2003an, hara lekualdatu eta urtebetera. «Etxea ondo zegoen, baina berritzeko aukera ona iruditu zitzaion», argitu du Irenek. Kaiko arkupedun etxeetan inspiratuta zegoen eraikin berriaren proposamena; hamasei etxebizitza izango zituen, horietako bi zazpigarren eta zortzigarren portalak berritzeko eta gainerakoak salgai jartzeko. Eraikina baimentzeko Plan Berezia aurrera eramateko lehen izapideak EH Bilduren agintaldian hasi ziren, 2015ean, baina handik gutxira geldiarazi zuten proiektua. 2019an, Eusko Jaurlaritzak Parte Zaharra eta Donostiako kaia monumentu multzo izendatu zituen, eta etxebizitza zaharretan aldaketak egiteko aukera oro bertan behera gelditu zen. Urteak aurrera joan ahala, etxebizitzak zahartzen joan dira, baina jabeek ezin izan dute ezer egin. Etxebizitza berrien proiektuak gainera, eskuak lotu zizkien bizilagunei, horien jabetza enpresa eraikitzaileak eskuratu zuenez, ezin izan dutelako etxebizitza saldu edo alokatu: «Hemen ditugun bizi baldintzekin gainera, nork nahi izango du hona etorri?».
Menpekotasunak baldintzatuta
Ireneren gainean Leire eta Mari Carmen ama-alabak bizi dira. Mari Carmenek 72 urte ditu eta menpekotasuna du, orain lau urte izandako aldebiko iktus batengatik. Ordutik etxetik atera ezinik dabilela dio Leirek: «Eskailera hauekin guzti guztiekin, nire amak ezinezko du kalera irtetea». Iktusa izan zuenean errehabilitazioa Amaran egin zuen eta geroztik erizainen bisita izaten du etxean noizean behin: «Haiek ere esaten dute baldintza hauek ez direla adineko pertsona batentzat».
Etxetik mugitu ez izateak, gainera, iktusaren osteko errehabilitazioan izan du eragina; «iktusak bi aldeak hartu zizkion, baina azken urteotan okerrera egin du, etxe txikia denez, ezin baita asko mugitu» azaldu digu Leirek, nabarmen hunkituta. Egun gelditzen diren bi etxebizitzek 35 metro koadro inguru dituzte, komun bat, egongela txiki bat eta logela bakarra: «Pertsona bat edo gehienez bi bizi daitezke hemen». Duela urte batzuk, Irenek beheko solairuan duen terraza txikitik separatzen zituen hamahiru eskailerak ozta-ozta jaisten zituen amak, baina denbora laburrean ezinezko bilakatu dela azaldu du Leirek: «Eskailerak igotzerakoan, ito egiten da eta denbora luzea behar izaten du indarrak berritzeko».
Egun egongelako eta logelako lau pareten artean igarotzen ditu egunak eta fisikoki ez ezik, psikologikoki ere nabarmen eragin diola adierazi digu bere alabak: «Lehenago bizilagunekin hitz egiteko aukera behintzat bazuen, eta orain etxeko egongela eta gelako lau pareten artean igarotzen ditu egunak». Ezintasun egoera horrekin askotan haserretzen dela onartzen du Leirek, eta etxebizitza berrietarako aurreikusita zegoen igogailuarekin beste kuku batek joko lukeela: «Etxebizitza berrietan egon izan bagina, nire ama ez litzateke egungo egoeran izango».
Esku-oherik gabe
Iktusak utzitako ondorioez gain, Mari Carmenek biriketako arazoak ditu, baina ezin da probak egitera joan, etxeko eskailera estuek sortzen dituzten trabak direla eta: «Biriketako probak egiteko Donostia Ospitalera igo behar da derrigorrez, eta eskailera hauekin ezin da. Estuegiak dira eta anbulantziaren esku-ohea ez da sartzen». Baldintza horrek, gainera, hamaika aldiz arazoak sortu dituela onartu du Leirek: «Amak iktusa izan zuenean, beltzak ikusi zituzten anbulantziako osasun langileek. Aulki batean jaitsi behar izan zuten eta oso larri bili ziren, geldi-geldi jaitsi behar zutelako, eta burua etengabe mugitzen zitzaiolako». Mari Carmenen kasua ez da bakarra, Ireneren amak ere arazo larriak izan baitzituen azken urteetan. «Amona hil zenean zutik jaitsi behar izan zuten, esku-oherik ez zelako kabitzen» adierazi digu Amaiak, Ireneren ilobak. Berak, beste senide batzuekin batera elkarlanean, urteak daramatza bizilagunentzako baldintza hobeak eskatzen. Etxebizitzen egoera tamalgarria salatzen dute, eta horiek berritzeko premia handia dagoela adierazi dute behin eta berriz, aldamenean hondatuta eta hutsik dauden eraikinak «edozein egunetan jausi daitezkeelako».
Utzikeriaz inguratuta
Eskailerek sortzen dituzten mugez gain, ura eta zikinkeri asko pilatzen dute etxebizitzek: aldameneko etxe hustuen pusketa batzuk dituzte zoruan, eroritako kable mordoa, eta Urgull menditik iristen den zaborra metatzen da. Eguraldi txarrarekin gainera, egoerak okerrera egiten duela azaldu dute: «Joan den astean izan genuen euriarekin adibidez, eraikineko zati batzuk erori dira eta egundoko arrakalak dauzkagu inguruan». Aldameneko etxeetako paretak konkatuta daude, eta teilatuko zuloetatik sartzen den urak bizilagunen etxebizitzetan eragin du: «Umedadeak ditugu gure etxeetan eta hezetasun-kengailuekin ibiltzen naiz», azaldu du Irenek. 61 urteko emakumeak gogoan du urak egongela hartu zuenekoa: «Ia belaunetaraino iristen zen ura. Urgulleko saneamendu txarra, hemengoarekin batzen den bakoitzean arazoak izaten ditugu. Geroztik mahuka bat jarri dugu eta lagungarria da, baina hau ez da bidea».
Etxebizitzaren egoera txarrak baldintzatutako unerik larriena duela lau urte bizi zuten Leirek eta Mari Carmenek. Azken honen logelako sabaiak hezetasunagatik gainezka egin zuen eta Mari Carmenen ohera erori ziren pusketa gehienak. Gutxigatik libratu zirela adierazi digu Leirek: «Eskerrak igande arratsalde baten izan zela eta egongelan geundela, telebistan ikusten. Gauean izango balitz nire ama hilda egongo zen honezkero».
Horrelakoak gertatu direnean, berrikuntzak egin behar zituen enpresak bere gain hartzen du konpontzeko ardura, baina «amesgaizto amaigabeari» aurre egiteko «partxeak» baino ez direla diote bizilagunek. Halako baldintzetan, gainera, ez dute ulertzen udalak konponbiderik eman ez izana, behin eta berriro euren egoeraren berri eman diotenean: «Udala guztiaren jakitu da. Badakite, esaterako, komunean arrakala itzela zegoela eta nire ama, bere egoeran, aterki batekin sartu behar izan dela».
Hormak eta oztopoak
2019tik proiektua ez atzera ez aurrera ibili da eta udalaren «utzikeriaz haratago», jarritako oztopoak salatzen dituzte bizilagunen egoera hobetzen dabiltzan senideek. 2019an eraikinaren berehalako hondamendia azaltzen zuen idatzia baliogabetu zutela diote, eta 2022an etxebizitzak monumentu-multzoaren parte ez zirela frogatu ostean ere, «urteetan espedientea baztertuta» izan dutela salatu du Amaiak: «Hilabetero eta beste batzuetan astero deika ibili naiz, bilakaeraren berri izateko, eta gure beharrak plazaratzeko, baina Nekane Arzallusen (Hirigintza zinegotzia) idazkariari mezua pasatzea baino ez nuen lortzen».
Urteetako «jaramon eza» horren aurrean, haratago joan eta «zalaparta» apur bat egin nahi izan dute, euren egoerak oihartzuna izan dezan. Gauzak horrela, «Donostiako argazkian» euren egoera salatzen duen pankarta handi bat jarri dute (Udala, 20 urte itxaroten. Plan berezia noizko?). «Pankarta jartzeko ere arazoak izan ditugu, ez pentsa», adierazi du Amaiak, baina helburua lortzeko baliagarri izan dela aitortu du: «Orain, behintzat udaletxean hartu gaituzte».
Hala ere, adierazi dutenez, udala ez denean, Eusko Jaurlaritzak edo Gipuzkoako Aldundiak jartzen ditu trabak. Salatu dutenez, foru aldundiko teknikariak hormarekin tematuta daude, «inolako baliorik ez duenean». Etxebizitzak mantentzeko «euste horma» baino ez dela dio Amaiak, eta hori frogatzea ere lortu dutela: «Arkeolan Fundazioak (Gipuzkoako arkeologia enpresa bat) egindako txostena erakutsi diegu baliozkoa ez dela frogatzeko baina haientzako ez da pisuzkoa».
Gainera, administrazio arteko harreman eza salatzen dute, eta ez dutela adostasunetara iristeko inolako asmorik erakusten: «Leku guztietan lan faraonikoak egiten ari direla entzuten dugu, Basque Culinary Centerreko bigarren egoitza dela, luxuzko hotelak direla… eta trabak egonda ere, lortzen dute zirrikitu batetik ateratzea. Egoera negargarrian dauden etxebizitza hauetan, ordea, ez dute ezer egiten eta Plan Bereziaren zain jarraitzen dugu».
Pasa den astean teknikarien bisita izan izateaz gain, Eneko Goia alkatearekin eta eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziarekin bildu ziren, baina ez dute inolako itxaropenik: «Zerbait egiten saiatuko direla diote, baina ez dugu ezer jaso eta ez digute berriro deitu». Hedabide hau ere Arzallusekin harremanetan jartzen saiatu da, baina zinegotziak ez du garaian inguruan hitz egin nahi izan.