Okendotegi ingurua «zabortegi bihurtzetik gero eta hurbilago» dagoela salatu du Eguzkik
Donostiako Udalak Martuteneko Okendotegi bidean “legez kanpoko hondakin depositoen aurkako neurririk hartu gabe” jarraitzen duela salatu du Eguzkik, eta ondorioz, uste du paraje hori “benetako zabortegi” bihurtuko dela “berandu baino lehen”.
Joan den maiatzean, “auzoan aspalditik dagoen kezkaren haritik”, Eguzkik udalari neurriak hartzeko eskatu zion, egoera islatzen duten hainbat argazki erantsita. “Udalak, berriz, paraje hartako mantenu lanak aldundiari zegozkiola erantzun zigun. Gauzak horrela, aldundiari egin genion udalari eginiko eskaera bera. Aldundiak, ordea, honako hau erantzun zigun: ‘Udalak berak bere gain hartu du eremu hori garbitzea’. Horren froga gisa edo, aldundiaren erantzunarekin batera zenbait dokumentu jaso genuen”, azaldu du Eguzkik.
“Geroztik, udalak txintik ere esan ez duenez, ondorioztatu dugu Okendotegiko hondakinen ardura berea dela”, adierazi dute. Nolanahi ere, nabarmendu dute Eguzki ez dela hasiko arrazoia “udalak edo aldundiak duen ebazten”, baina ez zaiela “normala” iruditzen “elkarri pilota pasatzen ibiltzea”. Arazoa konpontzeko eskatu dute: “Maiatzaz geroztik inork ez du Okendotegin esku hartu. Beraz, espero zitekeen bezala, legez kanpoko hondakinek pilatzen jarraitu dute”.