RAI, Amarako irrati librea
1980ko hamarkadan, askotariko mugimenduak eta egitasmoak sortu ziren Euskal Herrian, tartean, irrati libreak. Donostian sortu zirenetako bat Amara auzoko RAI irratia izan zen.
Langile gatazken, borroka armatuaren, gerra zikinaren, errepresioaren eta krisiaren hamarkada izan zen 1980koa Euskal Herrian, eta testuinguru politiko eta sozial mugitu horretan, kultur egitasmo eta korronte ugari jaio ziren. Izugarri ugaritu ziren Euskal Herri osotik, eta Donostia ez zen gutxiago izan. Horietako bat izan zen Amara auzoko Resistencia Amara Irratia (RAI, 101.8 FM).
Amarako egitasmo gehienekin gertatzen den moduan, iaz 100 urte bete zituen Donosti Berri elkartearen bueltan jaio zen RAI irratia, 1985ean: «Elkartea bi atal handitan banatu zen: bata gastronomikoa eta bestea kulturala. Azken horretan, irrati libre bat ezarri zen 1985etik aurrera, RAI izenarekin, eta auzoko ehun gaztek baino gehiagok parte hartu zuten bertan, modu autogestionatuan», azaldu zuen Iñaki Egaña historialari eta Amarako bizilagunak Irutxulo Zar, Donosti Berri. Amarako istorio bat liburuan.
Hain zuzen ere, Donosti Berriren mendeurrenaren harira iaz egindako erreportajean, Iñaki Goñi Nerbios-ek, elkarteko egungo presidenteak, hedabide honi azaldu zion 1980ko hamarkadan «gauzak egiteko gogo handia» zutela auzoko gazteek, eta horregatik sortu zutela irratia: «Nik ere egiten nuen saio bat irrati horretan, mundu guztia pasatzen zen handik. Irratia muntatzea erabaki genuenean, dirua behar genuen, noski, eta horretarako ere afariak, txosnak eta hainbat gauza antolatu genituen. Sekulako parrandak izan ziren! Uste dut hobeto pasa nuela irratia muntatzen, irratia egiten baino [barrez]».
Txema Uriarte doktoreak 2001ean argitaratutako Irrati libreak. 20 urteko jarduera Euskal Herriko dialetan ikerketan jasotzen denez, irrati libre ugari ixteko agindu zuen Espainiako Gobernuak 1989an, tartean RAI irratia. Aitzitik, Uriartek ikerketan azaltzen duenez, ez zen itxierarik gauzatu, hainbat arrazoi zirela medio.
Ordea, Donosti Berri elkartearen kultur arloak erabiltzen zuen gunea txirrindularitza taldearentzat birgaitu zuten 1990eko hamarkadan, eta irratia desagertzen joan zen. Hala ere, Amarak beti esan ahalko du bere irrati propioa izan zuela.