«'Sultanaren ametsa' etapa bati amaiera jartzeko modua izan da»
Aurreko asteburuan aurkeztu du Isabel Herguerak (Gros, 1961) 'Sultanaren ametsa' bere azken lana. Hainbat film labur egin ondoren, bere lehen lan luzea ondu du donostiarrak. Horretarako, 1905ean Begum Rokeya Hossain idazle bengalarrak idatzitako izen bereko liburuan oinarritu da. Tabakaleran filmaren sortze prozesua azaltzen duen erakusketa dago ikusgai.
Pasa den asteburuan estreinatu duzu filma Zinemaldian. Nola ari zara bizitzen?
Emozionalki oso asteburu indartsua izan da. Zinemaldian egotea izugarria izaten ari da, eta lana nire auzoan estreinatzea are gehiago. Produkzio lanekin orain dela hiru urte hasi ginen, baina oso trinkoa izan da, eta Donostiara iristea bide luze horren bukaera izan da.
Ni igandeko saioan egon nintzen, eta Kursaala leporaino bete zen.
Nik ez nuen sekula imajinatuko Kursaala horrela egongo zenik, hainbeste jenderekin. Sekulakoa izan zen jendearen aldetik sentitu nuen berotasuna eta maitasuna, eta horrek asko hunkitu ninduen.
Nola topatu zenuen filmari izena ematen dion liburua?
Liburura kasualitatez iritsi nintzen. New Delhiko [India] arte galeria batean topatu nuen, Bajo la almohada (2012) film laburra bukatu berri nuela. Izugarri interesgarria iruditu zitzaidan Rokeya Hussainek irudikatzen zuen mundu utopiko hura, atzekoz aurrerako mundu hura, non emakumeek zuten jakinduria, eta, beraz, baita boterea ere. Gizonezkoak, aldiz, ezjakinak dira, eta giltzapetuta bizi dira.
Ikusi nuen unetik, gaurkotasun handiko gaia iruditu zitzaidan. 100 urtean gauza asko lortu ditugu, baina oraindik ere beste horrenbeste daude indarrean, eta Hussainek luzatutako hari horri heldu nahi izan nion.
Nolakoa izan zen sortze prozesua?
Hasiera batean, argien ikusten genuena ilustratzeko zen Hussainek bere istorioan kontatzen duen Emakumeen Herria delakoa. Gerora, Rokeya Husseinen beraren bizitza ere oso interesgarria iruditu zitzaidan. Egin kontu: 1905ean, giro oso kontserbadorean eta erlijiosoan hazitako eta hezitako emakume bat, hezkuntzarako aukerarik izan ez zuena, gai da hutsetik horren mundu erradikal bat eraikitzeko.
Bi istorio horiek bagenituen, baina biak lotzeko modua bilatu behar genuen, marko handiago batean txertatzeko.
Eta zein izan zen topatu zenuten formula?
Hasiera batean, dokumental bat egitea pentsatu genuen. Dokumental horretan azken urte hauetan parte hartu dugun tailerretan izandako esperientzia nolakoa izan zen irudikatu nahi genuen, nolakoa izan zen emakumeekin lan egitea. Baina, azkenean, animaziozko pelikula bat egitea erabaki genuen.
Animazioan sentitzen naiz erosoen, eta ikusi genuen hori guztia horren barruan egin genezakeela, irudi errealik erabili gabe. Orduan hasi ginen pertsonaia bat bilatzen, guk bidaia horietan guztietan bizitako esperientzia pertsonalak bilduko zituenak.
Eta horrela sortu zen, pixkanaka, koadro bat sortzen zoazen moduan. Margotzen ari zarenean, amaierako emaitza izango denaren gutxi gorabeherako ideia bat daukazu, erabili nahi duzun tonalitatea, baina, egia esan, koadroa da zure begien aurrean azaltzen zaizuna. Bada, horixe bera pasatu zitzaigun guri film honekin: gidoia nolabait eraiki genuen, bisualki ere irudikatzen genuen istorioa, baina, ibilbide bat egon badago ere, filma benetan modu basatian hazi zen, eta gero eman genion forma.
Indiarekin lotura handia duzu bestela ere.
Urte askotako harremana da, bai. 2005etik 2016ra erregularki joan nintzen Indiara, eta hainbat film labur ekoitzi ditut bertan. Ongi sentitzen naizen leku bat da, eroso, eta asko inspiratzen nau. Hau guztia etapa horri amaiera emateko modu bat ere izan da: esperientzia horiek guztiak Sultanaren ametsa lanean jartzea, eta nolabait bidaia honen bukaerara iristea.
Aurrekoan Tabakaleran duzun erakusketara joan nintzen, eta bertan ikusitako zerbaiti buruz galdetu nahi dizut: bidaia kaierak.
[Aurpegia alaitzen zaio] Hori da garrantzitsuena! Bidaia kaieretan dago nire lan guztiaren bihotza eta hazia. Kaiera horietan ez daukazu inor zure lana gainbegiratzen, eta edozer gauza egin dezakezu askatasun osoz. Babestuen eta seguruen sentitzen naizen lekua dira bidaia kaierak. Era berean, bertatik irteten dira ideiarik zoroenak, baina nire pentsaeraren isla ere badira. Gauzarik intuitiboenak ere bertatik ateratzen dira: paisaiak, lekuak, eta abar.
Niretzat, ezinbesteko erreminta bat dira, eta noan lekura noala eramaten dut bat nirekin. Ez soilik arlo profesionalari dagokionez, baita nire bizitza pertsonalerako ere.
Itzul gaitezen Zinemaldira. Aurtengoa animazioaren Zinemaldia izaten ari dela diote batzuek: Hayao Miyazakik Donostia Saria jaso du eta zure filma Sail Ofizialean lehiatuko da.
Aurtengo edizioa Miyazakiren azken lanarekin [Mutila eta koartza (2023)] irekitzea sekulakoa iruditu zitzaidan. Zinema egiteko modu bati, animazioari, alegia, ikusgarritasuna ematea eta finkatzea esan nahi du horrek, eta titularretara eramatea. Gainerako ekoizpenen pare jartzea ere esan nahi du, eta bide ematen du animazioa ez dadin soilik animaziozko zinema jaialdietara edo haurretara mugatu. Zinemaldiak gisa horretako ekoizpenak barne hartzea zoragarria eta aparta iruditzen zait.
Gainera, errealitatea islatzen duen zerbait ere bada. Izan ere, momentu honetan animaziozko zinema oso maila altuan dago: Fernando Trueba, Pablo Berger, eta datorren urtean etorriko direnak! Animazioaren unea dela iruditzen zait. Talentu handia dago, egiteko gogo handia, baina, batez ere, independentzia handia dago istorioei aurre egiteko moduan, baita ekoizpenari begira bisualki ezberdin egiteko moduei ere.
Zuri dagokizunez, noiz erabaki zenuen animazioan lan egitea?
Nik bideo artea egiten nuen, arte kontzeptuala. Halako batean, porrot egin zuen instalazio bat muntatzen ari nintzen, eta segurtasun falta handia sentitu nuen. Lagun batek egoera horretan ikusi ninduen, eta galdegin zidan ea animatuko nintzatekeen bere laguntzaile izaten, hura orduan umeei animazio tailer bat ematen ari baitzen.
Bada, lagundu banion lagundu! Aske sentitzen nintzen erreminta bat iruditu zitzaidan, ideiak bere kabuz sortzen zirela, pentsatu beharrik gabe: bertan zeuden. Harrapatuta geratu nintzen, mundua ireki zitzaidan, eta orduz geroztik animazioa egiten nabil.
Zure ibilbidean zehar, askotariko teknikak eta materialak erabili dituzu: harea, pintura, klariona, eta abar. ‘Sultanaren ametsa’ filmerako, hiru teknika erabili dituzu: koloretako akuarelak Indiako bidaia ilustratzeko, ebakigarri animatuak mahai planoanitzean Rokeya Husseinen garairako, eta ‘mehndi’-a, hennazko aldi baterako tatuajea, Husseinen liburuan agertzen den Emakumeen Herria irudikatzeko. Azken horri buruz galdetu nahi dizut.
Teknika ederra da, bai. Hasiera batean, aldi baterako tatuajea zuzenean azalean animatu nahi genuen [tradizionalki, emakumeek jarduten dute lan estetiko eta kultural horretan. Ezkondu bezperatan erabili ohi da teknika, eskuak eta oinak apaintzeko]. Horretarako, errealizadore alemaniar batekin jarri ginen harremanetan, antzeko lanak eginak zituelako, azalean proiekzio modukoak-eta. Hainbat proba egin genituen berarekin 2020ko otsailean, eta Indiara joatekotan zela, bertako emakumeekin teknika ikastera, pandemia etorri zen. Baina eskerrak oraindik ez zela joan, bestela bertan geratuko baitzen atera ezinik!
Horren eraginez, eta nik ordurako mehndi teknika erabiltzen duten emakumeekin tailer asko eginda nituenez, azalean egitearen ideia alboratu eta paperean egitea erabaki genuen. Erreminta bera da, Tabakalerako erakusketan ikusten den moduan, konoak eta guzti, baina azalaren gainean margotu beharrean, paperean margotu genuen.
Hasiera batean, emakumeekin Husseinen ipuinari buruz hitz egiten genuen. Haiek beharrezkoak genituen zatiak ilustratzen joaten ziren, eta pixkanaka elementu guztiak sortu zituzten. India osoan zehar egin genituen tailerrak: Kalkutan, Bangaloren, Mumbain, eta abar.
Sortu zuten material horrekin guztiarekin, guk atzealde guztiak egin genituen Photoshopen, eta, gero, After Effects programarekin animatu genituen. Baina marrazkia bera, filmean mehndi teknika erabilita ikusten den marra bakoitza, bertako emakumeek egina da. Niretzat garrantzitsua zen hori horrela izatea, eta emakume horiekin lan egitea pribilegio hutsa izan da.
Lanean feminismoa lantzen da, eta duela ia 130 urte argitaratutako liburu bat du oinarri, baina gaurkotasun handia du.
Egia da, zenbat eta gehiago atera kanpora, orduan eta kontzienteago garela horretaz guztiaz, baina oraindik ere gauza asko daude konkistatzeke. Esate baterako, espero dut hogei urte barru ez dugula aipatuko zenbat emakumek estreinatu dituzten euren lanak Zinemaldian, naturaltzat hartuko dela. Baina oraindik ez gaude puntu horretan.
Hein batean, jaso dugun hezkuntzak ere zerikusia du horretan. Nik, eta nire belaunaldiak, nahiko hezkuntza ezberdina jaso genuen, oraingo gazteak jasotzen ari direnaren aldean. Beraz, espero dut pixkanaka konbentzio tradizionalagoetatik libratuko garela.
Indiara egindako bisitek bertako mugimendu feministaren egoera zein den jakiteko baliagarriak egingo zitzaizkizun.
Han, hemen bezalaxe, abaniko guztia existitzen da: erradikalenetatik hasi eta kontserbadoreenetaraino, nahiz eta hemendik hango zati txiki bat soilik ikusten dugun. Tradizionalki, Indian jende transak jendartearen onarpena du, hijrak dira, eta bertako kulturaren parte dira. Nolabait, Indiarekiko dugun ezezagutzak galarazten digu bertako borroka noraino heltzen den ikustea. Ezin da alderatu hango eta hemengo borroka feminista, baina han ere paleta bera dago, hemen bezalaxe.
2007tik itxi arte, Herguera Artelekuko Mugimenduen Irudien Laborategiko koordinatzailea izan zen. Laborategia animazio esperimentala garatzeko eta ekoizteko gunea izan zen. Herguerak aitortu du «dena» zor diola Artelekuri: «Nire bizitzan mirari bat izan zen». Gainera, Sultanaren ametsa egin ahal izatea ahalbidetu dion lan guztia garatu ahal izan zuen tokia ere izan zen berarentzat.
«Eta, jarraipen gisa, Tabakalera», gehitu du. Izan ere, bi leku horiek eskaintzen duten aukera nabarmendu du: «Ez da soilik artistoi zenbait gunez baliatzeko aukera ematen digutela gure proiektu artistikoa garatu ahal izateko, baizik eta inguruan dauden artista guztiekin harremanak izatea ahalbidetzen digutela. Horiekin guztiekin partekatzen duzu zure sormen proiektua, eta, askotan, babes hori gabe oso zaila da aurrera egitea. Niretzat, Arteleku eta Tabakalera, biak izan ziren eta dira funtsezkoak».