Udalak 1,2 milioi euro bideratuko ditu langabezian dauden pertsonak kontratatzeko
Donostiako Udalak, Lanbideren Enplegua Sustatzeko Tokiko Ekintzen Planaren barruan, 1.210.638 euroko zuzkidura aurreikusten du langabezian dauden donostiarrak aldi baterako edo mugarik gabe kontratatzeko.
Alfonso Gurpegi Enplegu eta Gizarteratzeko Sailburuordeak eta Marisol Garmendia Ekonomia eta Tokiko Enplegu Zinegotziak Donostiako Udalean aurkeztu dute programa, eta helburua hiriko langabetuen lan aukerak hobetzea dela azaldu dute, batez ere, “gizatalderik kalteberenak” jomuga hartuta: 35 urtetik beherakoak, 55 urtetik gorakoak eta emakumeak.
Guztira, 129 kontratu gauzatu nahi dira: 64 udal proiektutan aldi baterako lan egiteko kontratuak dira, eta 65 enpresentzako laguntzak dira, enpresek langabetuei mugagabeko kontratuak egin diezazkieten.
Enpleguaren sustapena
Dagoeneko eskuragarri dauden lehen aukerek 764.832,48 euroko aurrekontua dute eta langabezian dauden donostiarren enplegagarritasuna hobetzea dute helburu, onuradunak hiru-sei hilabetez hainbat udal proiektutan integratuz eta haien garapen pertsonala eta lanekoa ahalbidetuz.
Beraz, udal proiektu horietan sartuko diren 64 langabetuetatik 47 udalak kontratatuko ditu zuzenean. Gainerako hamazazpi pertsonak Gureak Garbitasuna-k kontratatuko ditu, Donostiako Sustapenarekin sinatutako lankidetza hitzarmenari esker. Kontratua bost hilabete eta erdikoa izango da eta udal instalazioak mantentzeko lanekin zerikusia duten zereginak betetzea izango du helburu.
Interesa duten donostiarrek langabezian eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan alta emanda egon behar dute.
Kontratazioaren aldeko laguntzak
Udalak azaldu duenez, enpresentzako laguntza hauek laster egongo dira eskuragai. 445.805,22 euroko aurrekontua dute, eta 65 langabeturi kontratu mugagabeak egiteko aukera emango dute.
Diru sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 35 urtetik beherako pertsonak, 55 urtetik gorakoak edota iraupen luzeko langabetuak kontratatzen dituzten enpresek 10.000 eurorainoko laguntzak jasoko dituzte lanaldi oso bakoitzeko eta 5.000 eurokoak lanaldi erdi bakoitzeko. Gizatalde horietakoak ez diren pertsonak kontratatuz gero, enpresek 8.000 eurorainoko laguntzak jasoko dituzte lanaldi oso bakoitzeko eta 4.000 eurokoak lanaldi erdi bakoitzeko.
Gainera, aipatutako laguntza guztiak %10 handituko dira, kontratatutako pertsona emakumea izanez gero. Informazio guztia dagoeneko eskuragai dago Lanbideren webgunean eta www.fomentosansebastian.eus webgunean.