Arrazismoak, eta ez ibaiak, izen-abizenak dituzten pertsonak hiltzen ditu
“Muga batean jaio nintzen, horregatik gorroto ditut mugak”, esan zuen elkarrizketa batean Fermin Muguruzak Bidasoa 2018-2023 bere azken dokumentala Zinemaldian estreinatzeko atarian. Mugak (politika eta politikari arrazistek araututakoak), are gehiago inposatuak direnean, pertsonen etsaiak direlako, hil egiten dutelako. Muguruzak gorroto baditu, zer sentituko dute mugei buruz beharrak bultzatuta eta bizitza arriskatuta horiek gurutzatu behar dituzten pertsonek?
Hori guztia pantaila handira ekarri nahi izan du Muguruzak, animazioa eta irudi errealak tartekatuta, eta askotariko testigantzak tarteko, ikusleak mugen biktimekin enpatia sentitzea eta muga horiek ezarri dituztenekiko amorrua sentitzea lortzen du, lehen minututik azkenera arte. Bidasoa ibaiak Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga naturala ezartzen du, eta Frantziako eta Espainiako Estatuen arteko muga inposatua; azken hori izan du hizpide Muguruzak, 2018an Frantziako Estatuak muga ixtea erabaki zuenetik orain arteko denbora tartea aintzat hartuta.
Ordutik muga zeharkatzen saiatu eta saiakeran hil diren pertsonei izen-abizenak jarri dizkiete dokumentalean, ez direlako zenbaki hutsak, izen-abizenak eta euren istorio propioak dituzten pertsonak direlako. Eta, kontakizun guztiaren gainetik, ideia argi bat: heriotza horietako bakar bat ere ez zen gertatuko muga itxi izan ez balute. Debeku guztien gainetik, beharra duenak muga zeharkatuko duelako edo saiatuko delako; desberdintasun bakarra da debekuekin bizitza arriskatu beharko duela muga zeharkatzeko.
Ordea, zer dira debeku horiek? Arrazismoa, ñabardurarik gabe. Herritar zuri bat lasai asko pasatu daitekeelako Hendaiako zubiaren alde batetik bestera nahi bezain bestetan, eta estatu bateko zein besteko poliziek ez diote ezer esango. Ordea, herritarra beltza bada, poliziek behin eta berriro geldituko dute, herritar legala ala ilegala izan, dokumentalean Amets San Millanek kontatzen duen moduan. Ordea, zer da ilegala izatea? Inor ez da ilegala jaiotzaz, ilegal erabaki politiko batzuek bihurtzen zaituzte; erabaki politiko arrazista batzuek.
Europa ez al zen mugarik gabeko kontinentea, demokrazia eredugarriek kontinentea, askatasunen kontinentea eta giza eskubideen kontinentea? Ordea, Europako eta AEBetako estatuek eta enpresek Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako herrialdeetako baliabideak modu basatian ustiatzen dituzte, herrialde horietako herritarrak miseriara eramaten dituzte, gerrak eragiten dituzte eta herritarrak euren herrialdeak uztera behartzen dituzte, baina Europara iristean, Poliziaren jazarpenarekin, gizartearen bazterkeriarekin eta politika arrazista hiltzaileekin egin dute topo.
Bidasoan ez ezik, Melillan, Andaluziako kostaldean, Lesbosen (Grezia), Lampedusan (Italia) eta beste hainbat muga eremutan gertatzen da, baita mugetatik harago ere. Arrazismoa egiturazkoa delako, eta erantzuleak politika arrazistak ezartzen dituzten gobernuak eta diskurtso arrazistak normalizatzen dituzten agintari eta hedabideak dira. Migrazioari giza eskubideetan oinarritutako politikekin heldu nahi ez diotenak dira.
Eta, arrazismoa ez da soilik muga itxi eta migratzaileak heriotzara bidaltzea. Arrazismoa (eta klasismoa) ere bada esatea ondo iruditzen zaizula udalak egoera zaurgarrian dauden pertsonentzako eguneko zentro bat irekitzea, baina ez zure etxearen ondoan. Arrazismoa ere bada esatea kalean bizi direnekin lan egiten duten boluntarioek “intrusismoa” praktikatzen dutela. Arrazismoa ere bada esatea “lan egitera baldin badatoz, ongietorriak dira”, norbait lan egiteko ideiarekin etorriko ez balitz bezala. Arrazismoa ere bada Tabakaleraren ingurua ertzainez eta udaltzainez betetzea eta oraindik Poliziaren presentzia areagotu behar dela esatea, Poliziaren presentzia areagotzeak noizbait arazoren bat konpondu izan balu bezala. Hori guztia eta egunerokoan egin, entzun eta esaten diren askoz gauza gehiago dira arrazismoa, eta horrek guztiak hil egiten du, izen-abizenak dituzten pertsonak hiltzen ditu.