Gureak taldeko presidente Iñaki Alkorta hil da
Iñaki Alkorta Gureak taldeko presidentea hil da, 73 urte zituela, Donostian; Gureak taldeak eman du heriotzaren berri. Taldeko zuzendari nagusia izan zen 1977tik 2011ra, eta presidentea 2006tik.
Donostian jaioa, zuzenbidearen eta enpresa kudeaketaren inguruan egin zituen ikasketak, eta “desgaitasunen bat duten pertsonen laneratzearekin lotura estuan garatu zuen bere ibilbide profesionala, Gureak-en sorreran eta hedapenean funtsezko pertsona bihurtuz”, taldeak azaldu duenez. “Alkortaren ikuspegia eta filosofia erabakigarriak izan ziren enpresaren eraldaketan”, gaineratu dute.
Bestalde, taldeak gogorarazi du Alkortaren ibilbidea askotan saritua izan dela: “Besteak beste, enpresaburu onenaren saria jaso zuen 2003an Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren eskutik eta Joxe Mari Korta saria, Gureak-en zuzendaritzan eta jarduerari eta enpleguari eusteko egindako lana nabarmenduz. Horrez gain, beste sari batzuk ere jaso zituen, hala nola, Urrezko Kriskitina (2003) ONCEren eskutik, gizarte inklusiboago bati egindako ekarpenagatik eta Gizarte Ekintzailearen EY saria, 2016an”.
Gureak taldeko presidente izateaz gain, Donostiako Goyeneche Fundazioaren Patronatuko kide izan zen Alkorta, eta desgaitasunen bat duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeen euskal elkarteko (EHLABE) kide fundatzailea eta presidentea baita ere.