«Posizionamendu politiko bat da filma, edozein sorkuntza den moduan»
Urrezko Maskorra irabazi berri du Jaione Camborda zinemagile donostiarrak 71. Zinemaldian, 'O corno' filmarengatik.
Donostiarra zara, baina Galizian bizi zara. Nolatan?
18 urterekin, Donostiatik atera nintzen, atzerrian ikasteko. Itzultzera nindoanean, amodioa dela eta Galiziara joan nintzen, eta Galiziarekin maitemindu nintzen. Etxean sentitu nintzen han, iruditzen baitzait anaitasun handia dagoela Euskal Herriaren eta Galiziaren artean. Han hasi nintzen zinemarekin, eta han gelditu nintzen.
Zinemagile donostiar batentzat, film bat Zinemaldian aurkeztea berezia izango da, ezta?
Oso berezia da. Ni hemen hazi nintzen eta jaialdi honetan ezagutu nuen zinema. Horregatik, orain Sail Ofizialean film bat aurkeztea oso berezia da, autore zinemak behar duen oihartzun eta ikusgarritasun hori ematen dizulako. Gainera, aurkezpenean maite dudan jende asko egon zen aretoan. Opari bat da maila profesionalean, baina baita maila pertsonalean ere.
Filma ikusi ez dutenentzat, nola laburbilduko zenuke ‘O corno’?
Istorioari dagokionez, Maria 1970eko hamarkadako A Illa de Arousako (Galizia) itsaskilari bat da, beste emakume batzuk erditzen laguntzen dituena. Gertakari izugarri bat dela eta, alde egin behar du eta iheslari bihurtzen da, bere herria atzean utzita. Hor odisea bat hasten da berarentzat, Portugalera joan nahi baitu, kontrabandorako erabiltzen zen ibilbide batetik. Horren guztiaren gainetik, emakumeak bizitza emateko duen gaitasunaz, horrek dakarrenaz, ahizpatasunaz, mugez, emakumearen gorputzaren inguruko debekuez eta bizitzaren zikloaz hitz egiten du filmak, besteak beste.
Maria pertsonaiak beste emakume batzuk erditzen laguntzen ditu, eta abortua ere praktikatzen duela ikusten da gero. Norbaitengan inspiratu zara pertsonaia eraikitzeko? Artxibo lan handia dago atzean?
Asko ikertu nuen artxiboen, zinemaren eta literaturaren bidez, baina, batez ere, uste dut benetako istorio txikien film bat dela. Testigantza asko jaso ditut, eta garaiko jende askok, bereziki emakumeek, euren istorioak kontatu dizkidate. Eta testigantza horiek islatzen dituzten eszena batzuk daude filmean.
Filmean kontatzen da pertxa batekin abortatu zuela pertsonaiak. Horrelakoa zen egoera 1970eko hamarkadan?
Abortatzeko modu asko zeuden, eta denak ikertzen aritu nintzen. Asko oso inbaditzaileak ziren fisikoki; perrexila, esaterako, asko erabiltzen zen zona horretan. Eta pertxak eta puntua egiteko orratzak erabiltzea ere nahiko ohikoa zen; beldurgarria da. Filmerako, interesatu zitzaidan ainoarekin abortatzeko modua erabiltzea, naturatik datorren zerbait delako eta paralelismoak sortzeko aukera ematen zidalako, erditzearen, sexu eszenaren eta abortuaren artean.
Filmean ikusten da herri guztiak zekiela zer egiten zuen Mariak, baina ez dirudi herriaren arbuioa jasotzen duenik. Sekretuan bazen ere, onartuta zegoen rol hori?
Giro intimoetan hitz egiten zen zerbait zen, xuxurlan. Debekatuta egonda, konplizitate puntu bat zegoen gaiaren inguruan.
Filma duela 50 bat urteko Galizian girotuta dago, eta gaur egun herrialde askotan abortua legala bada ere, ugariak dira oraindik abortuaren aurkako diskurtsoak eta politikak.
Hain justu, horregatik iruditzen zitzaidan aproposa istorio honi gaurkotasuna ematea. Garai bateko gertakarien inguruko film batean ez gelditzea nahi nuen, gaur egungo egoerari apelatzea. Iruditzen zaidalako bozgorailua ematen ari direla emakumearen inguruko ideia atzerakoiei.
Mariak ihes egin behar du une batean. Zertan oinarritu zinen ihesaldia karakterizatzeko?
Bizitza ematen hain modu altruistan ikusi dugun pertsonaia eskuzabal hori iheslariaren rolean erakustea asko interesatzen zitzaidan, besteak beste, ihesa gizonezkoen pertsonaietan ikusi ohi delako gehien. Hori esploratzea interesatzen zitzaidan.
Mariak prostituzioan lan egiten duen emakume beltz baten laguntza jasotzen du. Nola irudikatu duzu garaia langileen ikuspuntutik?
Hainbat klase sozialetako pertsonaiak daude filmean. Erditzekoa aberatsagoa da, Mariak bizitza xumeagoa dauka eta diozun pertsonaia hori ezer ez daukan puntu batean dago; sistemaren zapalkuntza erabatekoa da bere kasuan. Pertsonaien ispilu joko horretan, filmak planteatzen dituen mugak ere nabarmenduko nituzke: ibaiaren muga, emakumearena eta bere erabakiena eta kultur muga. Kasu honetan, arraza izan daiteke muga, baina ez da mugarik existitzen, eta badago eszena bat ere, non une oso garrantzitsu batean eskua ematen duten eta indarrak batzen dituzten. Hain zuzen ere, oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan indarrak batzearen ideia hori irudikatzea, ulertzeko mugak politikoak direla, huts egin duen sistema baten ondorio direla, baina ez direla ezinbestekoak eta ez direla errealak.
Mugak erabaki politiko jakin batzuen ondorio direla, alegia.
Hain justu. Eta heriotza, arriskua, klandestinitatea eta iluntasuna eragiten dute mugek.
Abortuaz eta ihesaldiaz gain, zer kontatu nahi izan duzu filmean?
Bizitza ematearen gaitasunaz hitz egin nahi nuen, batez ere. Posizionamendu politiko bat da filma, edozein sorkuntza den moduan, film baten atzean askotariko erabakiak baitaude, eta denek arlo politikoarekin zerikusia dute. Horiek horrela, arlo existentzialean eta humanistan zentratutako filma egin nahi izan dut, nolabait gizakiaren alde animalia esploratzeko eta gizakia arlo horrekin lotzeko. Filmaren bizi irakurketa hori garrantzitsua iruditzen zait, baita ere.
Ahizpatasuna da filmaren oinarrietako bat, eta, hain zuzen ere, pertsonaia guztiak emakumeak dira. Hori ere erabaki politiko bat da?
Bai, noski, politikoa da. Baina, era berean, existentziala da.
Jarraitzen al duzu euskal zinema? Galiziar eta euskal zinemaren artean zein antzekotasun eta desberdintasun ikusten dituzu?
Batzuetan, testuinguruak ematen dizkizun aukerak oso garrantzitsuak dira; pelikula bat finantzatu ahal izatea, eta abar. Uste dut orain belaunaldi oso indartsua ateratzen ari dela Euskal Herrian, eta gero eta gauza gehiago egiten ari dira. Iruditzen zait garrantzitsua zela zinema independenteari lekua egitea, finantzazioari dagokionez bereziki. Ildo horretatik, oso garrantzitsua da Ikusmira Berriak programa, eta halako egitasmoak.
Galizian, talentuarentzako laguntza oso garrantzitsu batzuk egon ziren, Galiziako zinema berria delakoaren abiapuntua izan zirenak. Oso laguntza txikiak ziren, baina horiei esker oso pelikula handiak egin ziren. Dena aldatzen hasi zen, zinema horri lekua egin zion jaialdi sare bat sortu zen, eta jaialdi horietan sortu zen Galiziako autore zinemaren munduan gabiltzanon familia. Eta uste dut hemen ere sortu dela dagoeneko familia hori. Indar handia hartzen gara bi lurraldeak.