Arrats elkarteak jaso du Francisco Javier Gomez Elosegi saria, lehen Mandela Egunean
Gizarte zaurgarritasuneko egoeretan bizi diren pertsonei laguntzen dien Arrats elkarteak jaso du Francisco Javier Gomez Elosegi saria, lehen Mandela Egunean. Eusko Jaurlaritzak antolatu du ekitaldia Tabakaleran, eta ekitaldi horren bidez ospatu dute euskal espetxeen eguna. Izatez, uztailaren 18an egin behar zuten, baina atzeratu egin zuten data hori, estatuko hauteskunde orokorrak deitu zituztelako. Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz eman du Francisco Javier Gomez Elosegi saria, ETAk 1997an hil zuen Martuteneko espetxeko psikologoaren omenez.
200 pertsona inguru bildu dira Tabakalerako ekitaldian, eta bertan izan dira Arrats elkarteko kideak, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eneko Goia Donostiako alkatea eta espetxe arloko ordezkaritza zabala. Horrez gain, ekitaldian parte hartu dute Gomez Elosegiren anaiak eta alargunak ere.
Ekitaldiaren hasieran, minutu bateko isilunea egin dute ETAren jazarpena jasan zuten espetxe funtzionario guztien oroimenean. Izan ere, espetxeetako funtzionarioei eskaini nahi izan diete gaurko eguna. “Eskerrik asko zuen lanagatik eta eusteagatik, nahiz eta bizi izandako egoerak egokiak ez izan. Zuen bizitza jarri zenuten jokoan. Bidegabea izan zen, eta horrela aitortu behar da”, nabarmendu du Melgosak.
Halaber, sailburuak gogorarazi du laster argitaratuko dela Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutua egiten ari den txostena, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Biktimen eta Aniztasunaren Zuzendaritzak eskatuta. “Dokumentu horretan, ETAren terrorismo eta presio urte luzeetan espetxeek jasandako sufrimendua islatzen da”, azaldu du sailburuak.
Bere aldetik, lehendakariak gogorarazi du atzo bi urte bete zirela EAE espetxeak kudeatzen hasi zenetik. “Aspaldi zor ziguten transferentzia zen, beharrezkoa genuen eta denbora luzeegiz itxaron dugu. 44 urte luze egon gara beharrezko transferentzia honen zain. Estatutuak hala onartzen zigun 1979 urtetik. Gainera, hala nahi genuen”, adierazi du Urkulluk.
“Zalantzarik gabe”, eskualdaketa guztiontzat “oso garrantzitsua” dela adierazi du lehendakariak, eta jarraian, bere errekonozimendua azaldu die terrorismoaren urteetan espetxeetan lan egin zuten euskaldunei. “Kartzelako langileak zerbitzu publiko honen aktibo baliotsuenetakoa dira. Talde profesional kualifikatuetan, diziplina anitzetan, eta inplikazio maila altuarekin egiten dute lan. Gizarteratze lan horretan ahalegin itzela egiten dute. Asko baloratzen dugu haien zeregina”, adierazi du Urkulluk.
Arrats elkarteari aitortza
Era berean, lehendakariak “erdigunean” jarri nahi izan du gizarte erakunde laguntzaileen lana. “Asko dira kondenatuak gizarteratzen laguntzen dutenak. Horien artean, Arrats, gaur Francisco Javier Gomez Elosegi saria jaso duen elkartea”, adierazi du.
Arrats elkartea, 1999. urtean sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea, bazterketa eta gizarte zaurgarritasuneko egoeratan bizi ziren lagun batzuen eta euren senitartekoen kezkaren ondorioz sortu zen.
Bazterketa egoera horiei erantzun bat emateko asmoz, esku-hartzeak, segizioak eta gizarte sentsibilizazioa egiten hasi ziren. Horien helburua zen zaurgarritasun-egoerak salatzea eta giza eskubideak eta eskubide sozialak errespeta diezazkietela eskatzea, batez ere, espetxean izandako pertsonei. Gaur egun, bakoitzari egokitutako esku-hartzea lantzen dute elkartean, ikuspegi psikosozialean oinarrituta: oinarrizko beharrak aseko direla bermatzea, arlo guztietarako aholkularitza, laguntza… Horren guztiaren bitartez, dituzten kalteak eta arriskuak gutxitzen saiatzen dira.
Langileen testigantzak
Ekitaldian, halaber, espetxeetako langileen testigantzak biltzen dituzten sei bideo proiektatu dituzte. Lehen pieza Nelson Mandelaren irudiari eta giza eskubideen defentsari buruzkoa izan da. Bigarrena, espetxeetako funtzionarioen lanari buruzkoa. Hirugarren lanean, tailerren eta bigarren aukeren inguruan hitz egin dute. Laugarren eta bosgarren bideoak Francisco Javier Gomez Elosegiren irudiari eta bere izena daraman sariaren ingurukoak izan dira, eta azken bideoan, preso dauden hainbat pertsonen testigantzak entzun ahal izan dira.